Hondarribiko EAJ: "Udalak isiltasun onartezina mantentzen du pintaketen aurrean"
Batzokian eta PSE-EEren egoitzetan egin dituzten pintaketen harira Abotsanitzek, EH Bilduk eta PSE-EEk egindako idatzia "guztiz partziala" dela uste dute.
Hondarribiko EAJren eta PSE-EEren egoitzetan egin dituzten pintaketen harira, ohar bateratua landu eta zabaldu dute Abotsanitzek, EH Bilduk eta PSE-EEk. EAJk ez du sinatu idatzia. “Idatzia guztiz partziala dela uste dugu. Noski, ez dugu baztertzen Batzokian ez eta PSE-EEren egoitzan egindako pintaketen kontrako gaitzespena. Egun batean bai eta bestean ere bai, espazio pribatu eta publikoei eraso onartezinak egiten ari zaizkie gure hirian. Udalak isiltasun onartezina mantentzen du horien aurrean”. Hala, EAJko kideen ustez, idatzi horretan herrian egindako hainbat pintaketa ez dituzte aintzat hartu. Horiek zerrendatu dituzte: “Kultur Etxea edo parrokiako harria bezalako gune sinbolikoak (kultura eta ondare-intereseko ondasun gisa katalogatuta), Kale Nagusitik hurbil dauden hormez gain, hirirako sarbidea, kiroldegia eta abar”.
EAJko kideek berretsi dute talde politikoen kontrako erasoak gaitzesten dituztela, “baina ez gatoz bat talde politikoen egoitzetako pintadei lehentasun eta protagonismo handiagoa ematearekin, herritar guztiak identifikatuta sentitzen diren ondasun materialen erasoen aldean”. Hortaz, azalpenak eskatu dituzte, talde politikoen fatxadei erasoen gaineko oharra egin dutelako, “eta ez ondasun publikoen aurka behin eta berriz egindako pintaden aurrean”.