Bigarren Lannahi programako matrikulazioa irekitzera doaz
Datorren azaroaren 27tik aurrera egin daiteke euskara ikasteko programa honetan matrikula. Ikastaroa, urtarrilaren 8tik martxoaren 22ra izango da.
rungo Udal Euskaltegiak martxan jarriko du Lannahi programaren bigarren txanda. Egitasmo hori langabezian dauden pertsonei zuzendua dago, haren bitartez euskara debalde ikasteko.
Bigarren txandako ikastaroa 2024ko urtarrilaren 8an hasi eta martxoaren 22an bukatuko da, baina izen-emateak 2023ko azaroaren 27tik abenduaren 11ra egin behar dira.
Irungo Udalak Lannahi programaren bi txanda eskainiko ditu, goizeko txandan izena ematen dutenek lau orduz arituko dira euskara ikasten eta arratsaldeko txandetan, aldiz 3 orduz.
Programan izena eman nahi dutenek internet bidez egin ahal izango dute SAC24h webgunean edo HAZeko autozerbitzu terminalak erabiliz. Horretarako, Irun Txartela edo NA elektronikoa eta Izenpe bezalako ziurtagiri elektronikoak erabili beharko dituzte. Horrez gain, aurrez aurre ere eman daiteke izena Irungo Udal Euskaltegian.
Udal Euskaltegian ari direnen edo aurreko ikastaroan aritu direnen kasuan izan ezik, gainontzekoek mailaketa proba bat egin beharko dute. Proba hori egiteko beharrezkoa da hitzordua eskatzea 943 50 52 73 telefonoan.
Ikastaroa doakoa izateko honako baldintzak bete behar dira:
- Lanbiden lan eskatzaile bezala inskribatua egotea.
- Langabezian egotea, %50 edo gehiagoko ABEEn (aldi baterako enplegu-erregulazioko espedientea) egotea, edo lanean egonda ere, lanaldiak jardun osoaren %50 ez gainditzea.