Indarkeria matxistaren biktimentzako omenaldiak antolatu ditu M8-k
Hendaiatik, Hondarribira, eta bertatik, Irunera joango dira lekuko batekin, mezu bat zabaltzeko. Aldarri nagusia "pornografia eta prostituzioa indarkeria matxista" direla izango da.
Indarkeria Matxistaren Eguna da hurrengo larunbata, azaroak 25 eta M8 Asanblada Feministak omenaldi bat antolatu du Irungo Zabaltza plazan. Aurretik, Hendaian eta Hondarribian ekitaldi bana egingo dute.
Emakundek aurtengo azaroaren 25erako heldu dion gai berdinari eutsi dio Bidasoko asanbladak eta pornografia eta prostituzioa indarkeria matxista direla salatuko dute.
Horretarako, Hendaiako Maritxu Anatol plazatxoan (Etorbidearen zubiaren ondoan) lekuko batean mezu bat sartuko dute, 17:15an. Bertatik, Hondarribiko M8 plazara joango dira eta lekukoko mezua irakurriko dute, eta ondoren, beste mezu bat sartuko dute Irunera eramateko.
Ekintzaren ondoren, elkarretaratzea egingo dute Hondarribian, 18:00etan. Gero, 19:00etan, Irungo Zabaltza plazan elkartuko dira eta tximeletak eta gurutzeak jarriko dituzte, aurten biolentzia matxistaren pean hil dituzten emakumeen izenekin. Bertan ere elkarretaratzea egingo dute eta azken mezua eta manifestua irakurri.
M8 asanbada feministak salatu egin du berriro kalera irteteko deia egin beharra “emakumeok behin eta berriz jasaten ditugun indarkeria matxisten amaiera eskatzeko”. Gizarte patriarkalak “betikotu” egiten duela emakumeenganako indarkeria deitoratu dute, baina diotenez “batez ere pornografiarako eta prostituziorako sarbidea duten gazteenen artean”.
Asanbladaren hitzetan, “pornografia eta prostituzioa ere emakumeen aurkako indarkeria eta terrorismo matxista dira”. Azkenik, gogoratu egin dituzte “lapurtu” egin dietenak, “ahotsik gabe utzi zituztenak hil zituztenak eta indarkeria egunero jasaten dutenak isilean, egunen batean aske itzul daitezen”. Erreferentzia egin diote Mirabal ahizpei eta tximeletei.
“Isiluneen ahotsa gara, sufritzen dutenena, jada ez daudenena. Nahikoa da terrorismo matxistarekin”.