Indarkeria matxistari aurre egiten segitzeko egitaraua
Irungo emakumeen elkarte ezberdinek Indarkeria Matxistaren Kontrako Egunaren harira antolatu dituzten egitarauak aurkeztu dituzte.
Indarkeria Matxistaren Kontrako Eguna azaroaren 25ean da eta, horren karietara, gaur aurkeztu dituzte hiriko elkarte ezberdinek haien proposamenak Irungo Emakumeen Etxean. Bertan izan dira ere Cristina Laborda Berdintasun ordezkaria eta Jose Antonio Santano alkatea.
Lehen hitza Santanorena izan da: “Nahiko genuke azaroaren 25 ospatu behar ez izatea, baina ospatzen jarraitu behar dugu”. Ospakizunak ospakizun, indarkeria matxistak “emaitza beldurgarriak” dituela oraindik azaldu du eta Irungo arazoa ez ezik, “arazo globala” dela esan du alkateak.
Indarkeriarik gabeko mundu bat eraikitzen aurrera egiteko “bide bakarra”, herritarren “inplikazioa” dela dio Santanok, “konprometitzen dituzten baliabide eta jardueren bidez, indarkeria matxistaren kontrako konpromiso aktiboa sustatzeko”.
Ondoren, elkarteek haien programazioak aurkezteari ekin diote. Bertaratu diren elkarteak, Argoiak, Bidasoaldeko Elkarte Feminista, Gaurko Andreak, Parean Elkartea, Txingudi Elkarte Feminista eta Uxoa izan dira.
Bestalde, udalak elkarretaratze bat antolatu du azaroaren 25erako San Juan plazan, 12:00etan, Berdintasun Kontseiluaren deiari erantzunez. Horrez gain, Beldur barik lehiaketa martxan dago eta sari banaketa azaroaren 26an izango da 18:00etan Amaia KZn.