IX. Asun Casasola ipuin lehiaketa, memoria ariketa
‘Plaza bat zure izenean’ da aurtengo gaia. Kontakizunetan gogoan izango dituzte indarkeria matxistari biziraun ez diotenak. Gaiarekin memoria historikoan gordeta daudenen aitortza jorratu nahi dute.
Indarkeria matxista existitzen den bitartean, haren gaineko hausnarketa egitea beharrezkoa izango da biolentzia hori desagerrarazteko. Asun Casasola Ipuin Lehiaketa hausnarketarako beharrezkoa den plaza hori da. Edizioz edizio, berdintasunaren aldeko jendartea bultzatzeko eta genero indarkeria baztertzeko zereginean dihardute, betiere ikuspuntu positibo bat bilatuz eta, horrela, indarkeria matxistaren aurkako borroka islatuz. Aurtengoa IX. edizioa izango da.
Aurreko ekitaldi guztien artean 4.000 ipuinetik gora jaso dituztela adierazi zuten antolatzaileek asteazkeneko aurkezpen agerraldian. Atzera begira, gainera, oroitarazi zuten hirugarren ediziotik aurrera gazteengana hurbildu zirela, Gipuzkoako Foru Aldundiari esker. Zehazki, 10 eta 16 urte bitartekoengana, haientzako kategoria berezi bat sortuz.
Antolakuntzak gazte saila nabarmendu nahi izan du, eskola askok lehiaketarekin bat egin eta gazteak indarkeria matxistaren aurkako hausnarketak ipuinetan jasotzera animatzen dituztelakoan. «Esker ona» adierazi diete eskola horiei eta orain arte parte hartu ez dutenak ere animatu dituzte idaztera, ipuin lehiaketa bitarteko aproposa delako «indarkeria matxistaz aritzeko».
Plaza bat zure izenean
Urtero gai bat proposatzen dute ipuin lehiaketaren antolatzaileek, iaz izan ezik, bi gai proposatu zituztelako sail bakoitzeko. Aurten, beste urtetako izaerari eutsi eta abiapuntu edota helduleku bakarra proposatu dute bi sail eta lau kategorietarako: Plaza bat zure izenean. «Memoria ariketa» izatea nahi dute, indarkeria matxistaren aurrean biziraun ez duten horiek gogoratzeko, baina baita memoria historikoan arakatu eta aitortza egiteko ere. Dena den, gaia nahiko irekia dela aitortu du antolakuntzak, eta gaiak izan ditzakeen adiera guztiak ongietorriak izango direla azaldu dute.
Baldintzak eta sariak
Lau kategoriak mantendu dituzte: 16 urtetik gorako helduena, bat euskaraz eta bestea gaztelaniaz; eta, 16 urtetik beherako gazteena, bana euskaraz zein gaztelaniaz. Kategoria bakoitzeko sari bat banatuko dute. Helduen kategoriako bi hizkuntzetako bi irabazleek 300 euroko sari bana jasoko dute; gazteen kategoriako bi irabazleek, berriz, 100 euroko saria eta 50 euroko balioa duen liburu sorta bat. Liburuek feminismoaren gaineko gaiak jorratzen dituzte eta Iruñeko Katakrak argitaletxeak egin du hautaketa.
Parte hartzaile bakoitzak idazlan bakarra aurkez dezake, orrialde batekoa. Ipuinak originala behar du izan, argitaratu gabea, alegia, eta aurkezten den lehiaketako hizkuntzan idatzita egon beharko du. Ez dituzte itzulpenak onartuko.
Ipuinak bidaltzeko epea Indarkeria Matxistaren Aurkako Egunean, hau da, datorren hilaren 25ean irekiko da, eta 2024ko otsailaren 7ra arte aurkez daitezke. Hiru bide daude lanak aurkezteko: asuncasasolaipuina@gmail.com posta elektronikora idatzita; BDS Koopera posta arruntaz bidalita (Aixin Zolua ibilbidea, 5 zenbakia. 20304, Irun); edota BDS Koopen fisikoki entregatuta. Behin entregatzeko epea bukatuta, epaimahaia lanean hasiko da.
Honakoak dira lanak aztertuko dituztenak: helduen euskarazko saileko epaimahaiko kideak Yurre Ugarte, Ainhara Zuazabeitia eta Aitziber Zapirain dira; helduen gaztelaniazko sailarenak, berriz, Mertxe Tranche, Maria Jose Noain eta Marian Benitez. Gazteenean, euskaraz: Itziar Gomez, Ainara Maia eta Ane Perez; eta gaztelaniazko sailekoak: Noelia Lorenzo, Maite Bergara eta Naroa Gonzalez.