Immigrazioa ardatz, jardunaldiak Elkarrekin eta Frantzia Intsumisoak antolatuta
Etorbidearen zubitik abiatuko dira eta immigrazioaren erronkari helduko diote, "bidezko migrazio politika humanitarioak aldarrikatzeko".
Topaketa bat eta jardunaldiak antolatu dituzte biharko Elkarrekin Podemos eta Frantzia Intsumisoak alderdiek. Immigrazioaren erronkari heltzea dute asmo eta “bidezko migrazio politika humanitarioak aldarrikatzea”.
Etorbidearen zubian elkartuko dira, 14:30ean, eta Europako Batasunaren “migrazio politika murriztaileak” salatuko dituzte ondoren egingo dituzten ekitaldietan. Era berean, bi alderdiek migratzaile guztien giza eskubideen defentsarekin bat doazen migrazio politikak galdegingo dituzte.
Zubitik gertu dagoen errepublikanoen monumentura joango dira segidan eta, bertan, lore eskaintza eta ekitaldi politiko bat egingo dituzte, 15:30ean. “Errepublikalismoari balioa emateko, oso demokratikoa ez den eredu politiko eta sozial baten alternatiba gisa”.
Miren Etxebeste Elkarrekin Podemos Gipuzkoako bozeramaileak hartuko du hitza eta “errepublikanismoa” nabarmenduko du “pluraltasunaren, aniztasunaren eta harreraren sinbolo gisa, baita faxismoaren, eskuin erreakzionarioenen eta Europan immigrazioari lotutako gorroto delituen aurrerabideen aurrean eusteko oztopo gisa ere”.
Jardunaldiarekin bukatzeko mahai ingurua antolatu dute Hendaiako Abbadiako Antoine auditorioan, 18:30ean. Hizlariak, Etxebeste, Thomas Portes eta Sylvie Ferrerek (LFI-NUPES), eta gizarte zibileko hainbat elkarteteko ordezkariak izango direla zehaztu dute. Eztabaida horretan, Etxebestek arreta berezia jartzea du asmo “migrazioaren eta asiloaren gaiari giza eskubideen ezinbesteko ikuspegitik heltzeko premian”.
Irungo azken urteetako “kasuistika berezia” ere hizpide izango du Etxebestek eta neurri “zehatzak” planteatuko ditu, “Podemos Euskadik eta Frantzia Intsumisoak ordezkatzen duten ezker eraldatzaile plural horretako guneetatik proposatu beharrekoak”.
Bi alderdien arteko topaketa honekin bien arteko “lotura bateratua indartzen” duela ziur dira, “ezker aurrerakoiak eskubideetan aurrerapenak eta gehiengo sozialentzako benetako hobekuntzak ekarriko dituzten proposamen eraikitzaileak eskaintzeko”.
Izan ere, bi alderdiek sinetsi egiten dute “euskal ezker eraldatzailearen eta gizarte zibilaren formazio eta espazio ezberdinen baterako lana funtsezkoa dela herritarren bizi baldintzak hobetuko dituzten alternatibak eskaintzeko eta ultraeskuindarren eta gorroto diskurtsoen gorakada gelditzeko”.