Hiriko kirol kluben behar guztiak kontuan hartzea nahi du EAJk
Erabilera askoko pabiloiaren gainean "gai garrantzitsu dezente" zehazteke daudela deitoratu dute. Hiriko kirol kluben egoerari beste aldera ez begiratzeko eskatu dute.
Erabilera askoko pabiloiari buruz mintzatu da EAJ eta proiektua egingo dela baieztatu den arren, “gai garrantzitsu dezente” definitu gabe daudela deitoratu dute.
Bide horretan, pabiloian egingo diren jarduera osagarriek pabiloiaren zer-nolako erabilera ahalko duten egin galdetu dute. Era berean, udalak urteko zenbat ordaindu beharko duen mantentze lanengatik ere jakin nahi dute jeltzaleek. “Gaur egun, udalak Ficobaren esparruaren mantentze gastuengatik urtean 500.000 euro ordaindu behar ditu, eta horri pabiloi berri bat gehitu beharko litzaoke”.
10.000 pertsona biltzeko gaitasuna daukan pabiloiak eta, kasu horietan, trafikoa ea ez den arazo bat izango mahai gaineratu dute. Izan ere, oroitu dute gaur egun zirkulazio arazo ugari daudela inguru horretan dagoeneko.
Pabiloia egikaritzeko “hainbat erakunderen arteko akordioa” beharko dela dio EAJk “datozen 5 urteetan errealitate izan dadin”. Proiektuaren txosten bat aurkeztu dietela eta bertan pabiloiaren kostua 43 milioi eurokoa izango dela jaso dute. Horietatik, udalak %25 jarriko luke, hau da, 10 milioi euro inguru. Aldundiak, berriz, 25 milioi euro jarriko lituzke, eta gainerakoa Eusko Jaurlaritzak eta Kirol Kontseilu Gorenak jartzea da asmo.
“Ikuspegi orokorra” izateaz ere aritu dira eta begirada hori behar duela hiriak uste dute. Hartara, beste proiektu eta zerbitzu asko dauden egoerari “lehenbailehen” erantzun behar zaiela eskatu dute, adibidez, Plaiaundiko kirol instalazioak Txenpereneara eramatea. “Proiektu honek 30 urte baino gehiago daramatza zain, eta kirolari askori eta askori eragiten die, baita herritarrei ere”.
Pabiloia Bidasoa eskubaloi taldeak Europan jokatzeko eraikiko den bezala, atletismo eta errugbi instalazio berrien eraikuntzari ere ekin behar zaiola diote. 2018an onartu zutela proiektua gogoratu dute, “EAJtik ahalegin handiz landu eta sustatu dugun proiektua”.
Kezkaz begiratu dute jeltzaleek errugbi zelai eta atletismo pisten azken proiektu hau, “finantziazio faltagatik bertan behera” geldi daiteken susmoa dute, “hitzarmen bat sinatuta dagoenean eta urte askoko atzerapena dagoenean”.