Umeen hazkundean laguntzeko taldeak sortu ditu udalak
Hiru talde dira: haurdunaldia, 0-1 urte eta 1-2 urte. Saioak azaroa bukaeran hasiko dira eta maiatza bukaeran amaitu.
Gazteria Zerbitzuak, hazkundean laguntzeko taldeak sortu ditu. Guztira, hiru talde dira: haurdunaldia, 0-1 urte eta 1-2 urte. Haurartean programaren barruan txertatu dituzte taldeak, eta oroitu behar da programaren xedea haurren eskubideen inguruan ikasteko komunitate lokal bat sortzea dela.
Udalak sortu dituen hiru talde hauekin, seme-alabak jaiotzen direnean “familiek fase horri konfiantza eta segurtasun handiagoz aurre egitea” da, eta, horrela, “hazkuntza positiboaren alde apustua” egitea.
Talde horiekin konfiantza gune partekatu bat sortuko da gurasoentzat zein haurrentzat, haien beharretara egokituta. Bertan, esperientziak partekatuko dituzte eta etapa bakoitzeko gai bereizgarriak eta berezkoak landu, loturak indartu eta hazkuntza positiboaren aldeko apustua egin nahi dute.
Helburu horiek betetzeko fase bakoitzean adituak diren eta gurasoei laguntzen ere jantziak diren pertsonak gonbidatuko dituzte. Horiek saio bereziak izango dira eta gai ezberdinak izango dituzte hizpide, hala nola, edoskitzea, erditze ondoko zainketak, yogako saio bereziak.
Hazkuntza taldeak Hirigune haurtxokoan elkartuko dira, azaroaren bukaeratik maiatzaren bukaera arte. Etapa bakoitzeko bi talde sortzea dute asmo, ordutegi desberdinarekin. Interesdunek izena eman behar dute webgune honetan. Izena emandako haur bakoitzeko bi heldu joan daitezke.
Honako hauek dira taldeak eta ordutegiak:
- Haurdunaldi taldeak (astero).
- Larunbatetan, 12:15etik 13:45era edo asteazkenetan, 10:30etik 12:00etara.
- 0-1 urte taldea (hamabostean behin). 13 saio izango dira.
- Larunbatetan, 10:00etatik 12:00etara, edo ostegunetan 10:30etik 12:30era.
- 1-2 urte (hamabostean behin).
- Larunbatetan, 10:00etik 12:00etara edo 16:30etik 18:30era.