'Nazioa gara' Bilboko mobilizaziorako, autobusa Irun eta Hondarribitik
Azaroaren 18an, larunbat honetan egingo da mobilizazioa eta "kalera irteteko milaka arrazoi" daudela azaldu du EH Bilduk.
Hirugarren urtea da EH Bilduk dei egiten duela Nazioa Gara deituriko mobilizazioan parte hartzera. Aurtengoa larunbat honetan egingo da, azaroak 18, Bilboko La Casillatik irtenda.
Bertaratzeko autobusak antolatu ditu Bidasoko EH Bilduk eta Irun eta Hondarribitik igaroko dira. Hondarribian Miramar eraikinaren parean elkartuko dira, 15:00etan; Irunen bi geldialdi egingo dituzte, bata, San Juan plazan, 15:25an; eta bestea, Katean 15:25an. Itzulera 20:00etan egingo dute San Mames futbol zelaitik.
Autobusean izena emateko aukera dago oraindik, ostirala bitarte. Horretarako, formulario bat bete behar da edota mezu bat bidali irun@ehbildu.eus-era. Prezioa, 10 eurokoa da.
“Kalera irteteko milaka arrazoi”
EH Bilduk azaldu du “kalera irteteko milaka arrazoi daudela”: “Espainiako estatuan ireki den lurralde antolaketaren inguruko eztabaidan Euskal Herria protagonista izateko euskal naziotasuna aldarrikatu, eta erabakitzeko eskubidea exijituko dute”.
Asteburu honetako deialdian musika eta kantuari “garrantzia” eman nahi diote, “kantua, kultura, hizkuntza, transmisioa eta komunitatea dela ulertzen baitute”. Hartara, Negu Gorriak taldearen Gora herria-ri egin diote erreferentzia: “Kantatzen duen herri bat ez da inoiz hilko”. Mikel Laboak musikatutako Txoria txori abestia ere abestuko dute Autonomia kalea betetzen dutenean.