Elkarrekin Irun: "Irunek inbertsioak behar ditu, instalazio berrietarako edo gaur egun existitzen direnentzako"
Osasun arloko proiektuak "lehenestearen" alde agertu dira, eta proiektuak "borondate politikoaren" kontua dela azaldu dute.
Elkarrekin Irunek dio “ospatzekoa” dela Irungo Udaleko aurtengo aurrekontuak, eta ospatzekoa da haien hitzetan ere udalak milioidun inbertsioak egin nahi izatea, “pabiloi baterako edo dauden instalazioak hobetzeko”.
Dena den, udal hauteskundeetako kanpainara egin dute buelta eta orduan egindako kritika izan dute hizpide: “Kanpainaurreko kritika garai berean egin diren eta zerrenda bat egin litekeen beste hainbat iragarki bezalako iragarki batera bideratuta zegoen”. Deitoratu dute “hauteskunde iragarkiak” izatea eta “tiradera batean gorde” izanak, berririk izan gabe.
Koalizio moreak “positibotzat” jo du gainerako erakunde publikoek Irun “merezi bezala” ikustea eta instalazioak eta zerbitzuak hobetzeko aurrekontu partidak proposatzea. David Nuñoren esanetan, “inbertitzea da horiek indartzeko modu bakarra, eskaintzailerik onenari saltzea ez da irtenbiderik onena, herritarren zergak herritarrentzako hobekuntzetan berrinbertitu behar dira”.
Albistea “ospatzekoa” den arren, ez dutela orain hilabete batzuk hartutako jarrera aldatuko adierazi dute, “inbertsio horiek bideratzerakoan lehentasunak daudela defendatzen eta mantentzen dugu”. Herritarren eskaera batzuk “urteak” daramatzatela geldirik diote, hala nola, osasuna eta hori lehenestearen alde agertu dira. Osasunaz gain, “hortxe daude ere hezkuntza eta eskola jantokiekin ditugun arazoak; kiroldegi zerbitzu zabarrak eta gero eta garestiagoak”.
Elkarrekinek uste du “borondate politikoaren kontua” dela lehenestearena eta Arbesgo egoitza jarri dute eredu gisa: “Hori ahaztuta zegoen azken hamarkadetan, eta kanpainan bakarrik lizitatu zen obra, baina balio du erakusteko erakundeek badakitela beharrezkoa dela Irunen inbertitzea”.
Nuñok adierazi du Irunek ezin duela jarraitu “2023ko errealitatera egokitzen ez diren instalazio eta zerbitzuekin”. Hartara, beste erakundeetatik dirua jasotzeko beharra nabarmendu du, “zain dauden hainbat proiektutarako”.
Txenpereneako eremuan egin nahi duten instalazioen proiektuaren hasierako onarpena egina dagoela gogoratu du Elkarrekinek eta egikaritze hori “premiazkoa” dela uste dute. “Europako Batasunak duela hamarkada bat exijitu zuela instalazio horiek Plaiaundiko Parke Ekologikotik kentzea. Ez dugu nahi haien egoera baloratzera sartu, ez baitaude bertako klubek gutxieneko beharretara egokituta”.
Irunek duen beste problema bati ere eutsi diote, Irungo auto bidezko sarbideena. “N1 errepidea erabakigarria da eta beti gainezka dago, eta arazoa are larriagoa izan daiteke etorkizuneko pabiloiarekin eta ustez egingo diren makro ekintzekin”. Mahai gainera ekarri dute ere bukatu gabe dagoen hegoaldeko igarobidea, “herritarren beharrak asetzen ez dituena eta Irunerako hain beharrezkoa den ingurabideari irtenbiderik eskaintzen ez diona”.
Hegoaldeko igarobidea bukatuta ez egotea ez ezik, AP8-ko bidesariaz ere aritu dira: “Bidesari horien helburua dirua biltzea baino ez da, zati txikia baita, eta amortizatu baino gehiago dago. Berriro diogu, Irunek inbertsioak behar ditu, instalazio berrietarako edo gaur egun existitzen direnentzako”.