100 milioi euro baino gehiagokoa izango da Irungo udal aurrekontua
Gizarte Ongizate politiketan haziko da udalaren inbertsioa. Aurten, gainera, Udalen Finantzaketarako Foru Funtsetik 3,3 milioi euro gehiago jasoko dituzte.
Lehen aldiz 100 milioi euro baino gehiagokoa izango da Irungo udal aurrekontua, iaz baino 9 milioi euro gehiago. 102.252.565,61 eurokoa izango da, hain zuzen ere.
Hala azaldu du Miguel Angel Paez lehen alkateorde eta Ogasuneko ordezkariak, “aurrekontu historikoak dira, udalaren kudeaketako mugarri bat, eta gobernuak duen anbizioari erantzuten diote: Irun erreferente bilakatzea garapen jasangarrian, kultur ekitaldietan eta gizarte politiketan”.
Aurrekontuaren dokumentua atzo aurkeztu zuten Ogasuneko batzordean, eta oraingoa, udalbatzako gainontzeko alderdiek zuzenketak aurkezteko epea da. Abenduko osoko bilkuran eztabaidatuko dituzte horiek.
Urrian ordenantza fiskalen proposamena onartu zuten alderdi guztien babesarekin. Jarrera horrek segituko duelarekin “baikor” da Paez, “adostasunera iristeko gradu altua dagoela sentitu dut”.
Aurrekontua
Aurrekontua ulertu ahal izateko, hainbat ataletan xehatu egin behar da. Udalak berak 99.292.000 euroko aurrekontua aurkeztu du, baina bukaerako aurrekontuan sozietate publikoak ere kontuan hartzen dira, eta hortaz, 102.252.565,61 eurokoa izango da aurrekontua.
“Aurkeztu duguna honako hau da: udalaren aurrekontua gehi udalak partaidetza osoa duen edo beste administrazio batzuekin hitzartutako partaidetza duen sozietateei egiten dien ekarpena batuta. Adibidez, 4 milioi eurotik gorako aurrekontua du udalaren partetik Bidasoa bizirik-ek, % 56 da” adierazi du Paezek.
Igoera, bide ezberdinetatik iritsi diren diru sarreren ondorioa dela azaldu du Paezek. Udalen Finantzaketarako Foru Funtsaren goranzko aurreikuspena dago, iaz baino 3,3 milioi euro gehiago aurreikusten dira diru sarreretan. “Udalen Finantzaketarako Foru Funtsaren inbertsioa, udalaren inbertsio guztien %50 dira. Ezinbestekoa da udalen aktibitate ekonomikorako. Funtsa, hedakorra da”.
Zuzeneko zergen diru bilketa handiagoa ere egingo dute eta Europako diru funtsen ekarpena ere hortxe dago, aurten 5,5 milioi euro gehiago emango dizkio udal aurrekontuari.
Inbertsioak
Europar Batasuneko funtsetatik 13,6 milioi euro jasoko ditu Irungo Udalak eta proiektu handienak gauzatzen hasteko erabiliko dituzte. Honako hauek dira udalak Europako funtsekin abian jarri nahi dituen proiektuak, hitzez hitz:
- Oiasso Museoko termak birgaitzea, 2,2 milioi euroko inbertsioa gehituko zaio. Guztira, 3,3 milioi euro inbertituko dira.
- Merkatuei eta eremu komertzialei laguntzeko inbertsioa 1,6 milioi eurokoa da, baina 1,4 milioi euro bieratu ziren zeregin horietara 2023an, Poxpologile kalea berrurbanitzatzeko proiekturako, besteak beste.
- Inbertsio handienen artean dago Belartzako aparkalekua; aurten 1,5 milioi bideratuko dira horretara, 7 milioiko guztiko gastutik.
- ViaIrun proiektuaren barruan, helburua lortzeko urratsak egin dira eta 4,4 milioi euro bideratuko dira hainbat urtetan barrena Aduana zaharra birgaitzeko; horietako 0,6 milioi 2024. urtean.
- Emisio baxuko eremua: aurten inbertsio berri bat aktibatzen da aurrekontuetan, 3 autobus elektriko eta horiek kargatzeko sistemak ekoitzi eta hornitzeko. 2,2 milioi euroko inbertsioa eginda, hiriko autobusen flota berritzeko prozesua amaituko da.
- Arbesgo egoitzako bideko obrak. 2024an 800.000 euro inbertituko dira, eta 2025rako 1.900.000 euroko konpromisoa hartu da.
- Irugurutzeta birgaitzeko 2 milioi euro bideratuko dira, % 100en diruz lagundutakoak. Inbertsio hori 2024an hasiko da eta 2025ean osatuko.
Beste proiektu batzuetan ere inbertituko dute aurrekontuetako dirua. Baina inbertsio horiek Eusko Jaurlaritzak edo udalak egingo dituzte. Azpiko taulan ikus daiteke xehetasunez, baina hona horien zerrenda:
- Artia auzoko Belartzako aparkalekua. Inbertsio osoa udalak egingo du eta 7 milioi eurokoa izango da guztira. Urtez urte joango dira inbertsioak egiten eta lehena, 2024koa 1.500.000 eurokoa izango da.
- Aduana Zaharra eraikinaren orekaren arriskua ez handitzeko inbertsioa egingo du Eusko Jaurlaritzak.
- Berrikuntza komertzialeko poloa indartzeko lokal baten irekiera Serapio Mugika kalean. Udalak 200.000 euro inbertituko ditu eta merkataritza-etxabe bat gaitzeko erabiliko dute, Irun Market barruan hiriko merkataritza-sektorearen berrikuntza-poloa izan dadin, eta berrikuntza- eta digitalizazio-prozesuak hazteko.
- Erabilera askotako pabiloia. Aldundiak 14 milioi euro inbertituko ditu eta diru hori urtez urte jasotzen joango dira. Udalak, 200.000 euro aurreikusi ditu proiekturako. Diru horrekin aurreproiektuaren idazketa martxan jarri nahi dute.
- Hiriko hiru autobus elektriko eta karga sistema fabrikatzea eta hornitzea. Laugarren linea elektrifikatuko dute eta bosgarren linea sortu. Horretarako 2.235.000 euroko partida dute.
- Palmera Montero gunean kaltetutako lurpeko uren kalitatea berreskuratzeko 340.000 euroko inbertsioa egingo dute 2024an.
- 2024an hiru ekipamendu irekiko dituzte: Emigrazioaren eraikin berritua, CBAren instalazio berriak eta Ikust-Alaia.
Bestalde, 1,5 milioi euro erreserbatu dituzte aurrekontu parte hartzaileetako ideia irabazleak egikaritzeko. Aurten, argiteria, bidegorriak eta udaltzaingoaren bitarteko teknologikoak hobetzea dute asmo. Inbertsioaren parte bat kultur programazioa eta jarduera sozialak aberasteko erabiliko dituzte.
Bestelako inbertsio batzuetarako ere erreserbak egin dituzte: ikastetxeetako hobekuntzak edota herritarrei zerbitzua emateko beharrezkoak diren beste kontzeptuak. Azkeneko inbertsioaren kasuan, tresna informatikoen eguneraketak edo funts bibliografiko berriak egin nahi dituzte.
Inbertsio nagusia ere izango da zerbitzu publikoak indartzea. Izan ere, aurreko urteko aurrekontuarekin alderatuta %4 gehiago jasoko du Gizarte Ongizateko arloak, zerbitzu sozio edukatiboak eta psikosozialak emateko kontratuak hobetzeko eta “pertsona ahulenei arreta emateko”.
Giza baliabideek “errefortzua” jasoko dutela inbertsioa haztearekin batera azaldu du Paezek. Enplegu publikoko zenbati deialdi abian jarri dituzte eta horiez aparte, udaleko langileak egonkortzeko prozesua ere martxan jarri dute, eta udaleko arlo guztiei eragiten die honek. “Plantilla indartzea da asmoa, zerbitzu publikoak hobetzeko eta azkartzeko”.
Kontu saneatuak
Kontuak saneatuta daudela baieztatu du Paezek: “Kontuak ongi daude eta edozein behar sortuz gero, gai gara aurre egiteko mailegu edo inbertsio bati”.
Pandemia aurretik mailegurik gabe zegoen udala, baina pandemiarekin hori hankaz gora jarri eta orain aurrezkiak errekuperatzen dabilztala adierazi du ordezkariak. “Pandemia aurreko zifretara itzuli gara eta seinale ona da, udalaren kudeaketa ona nabarmentzen duelako”.
Azkenik, herritarrei aurrekontuak aurkezteko bilkura ireki bat egingo dute, urtero lez.