Haurrentzako bi kontzertu parte hartzaile, kontserbatorioaren eskutik
Ostiral honetan eskainiko dituzte bi saioak eta aurretik izena eman behar da. Horrez gain, larunbatean hitzaldia eskainiko du Antonio Domingo Musikeneko irakasleak.
Irungo Udal Kontserbatorioak 4 eta 7 urte bitarteko haurrentzako bi kontzertu saio antolatu ditu ostiral honetarako, azaroak 17. Lehenengo kontzertua 17:00etan izango da, eta hurrengoa, 18:00etan. Biek ala biek 45 minutuko iraupena izango dute.
Kontzertu hauen helburua, “hainbat musika estiloren ezaugarriak eta musika hizkuntzaren bitxikeriak” azaltzea da. Horretarako, publikoarekiko interakzioa bultzatzen dute, “etengabekoa”. Dinamizazio lanetan Antonio Domingo arituko da, perkusio jotzaile ospetsua. Bere lana izango da bertaratutakoen konplizitatea bilatzea, kontzertuaren protagonistak bilaka daitezen.
Haur bakoitza heldu batekin joan beharko du eta aldez aurretik izena ematea beharrezkoa da, kontserbatoriora deituz 943 50 57 10 telefonora, edota mezu bat bidaliz helbide elektroniko honetara.
Bi kontzertu saio horiez gain, Domingo perkusio jole eta Musikeneko irakasleak Musika ardatzeko irakasgai gisa hitzaldia eskainiko du, larunbat honetan, 10:00etatik 12:00etara. Familiei zuzendutakoa da eta musikaren garrantzia pertsonen garapenean eta bereziki haurtzaroan landuko dute.