Erabilera askoko pabiloiak bi erronka dakartza EH Bilduren hitzetan
Batetik, epe luzeko plangintza behar du espazioak kirolari dagokionez. Bestetik, trafiko arazoei aurre hartzeko plan bat galdegin dute.
Erabilera askotako pabiloi bat eraikitzeko 14 milioi euroko partida bideratuko duela iragarri zuen pasa den astean Gipuzkoako Foru Aldundiak eta EH Bildurentzat hori “berri pozgarria” da. Gogoratu dute alderdiaren proposamena izan zela pabiloiarena eta helburua “Irunen kirolaren praktika desberdinetarako zein kultur ekimenetarako espazio estali berri bat izatea” dela.
Koalizio abertzaleak, baina, bi erronka nagusi aurreikusi ditu proiektuaren baitan. Batetik, Bidasoa eskubaloi taldearenak ez ezik, Irungo kirol klub eta herritarren beharrak asebetetzea. Bestetik, kokalekuari erreparatuta Irunen sortu daitezkeen trafiko arazoei irtenbide integral bat ematea.
Lehen erronkari eutsita, “ezinbestekotzat” jo dute Irungo Udaletik epe luzeko ikuspegia duen “kirolari bideratutako espazioaren antolaketari behingoz esku hartzea”. Hartara, urtez urteko plangintza eskatu diote abertzaleek udal gobernuari, “lehentasunak jarri eta horiek gauzatzen hasteko”. Horretan Irungo kirol klub eta eragileen parte hartzea ahalbidetzea eskatu dute.
Bigarren erronka, pabiloiak eskualdeko mugikortasunean eragingo dituen trafiko arazoei aurre hartzea izango da. Garraio publikoaren indartzea nahiz eta “funtsezkoa” izango den, ez dela “nahikoa izango trafiko arazoak ekiditeko” deitoratu dute.
Izan ere, Gipuzkoa, Nafarroa eta Iparraldea lotzen dituen igarobideari 10.000 pertsona biltzeko ahalmena duen eraikina gehituko zaio. EH Bilduk, horren aurrean, GI-636 errepidea bikoizteko aukerak aztertzea proposatu dute.
Oihana Briones alderdiaren bozeramaileak dio Ficoba inguruan trafikoa handia dela eta eskualdeko bizilagunen egunerokotasuna zailtzen duela. “Guk hori aldatu nahi dugu. Eskualdean egiten diren bidaiak garraio publikoaren bidez egiteko zerbitzuen berrantolaketa bat egitea ezinbestekoa izateaz gain, errepideetan ere aldaketak egin behar direla uste dugu”.
Berrantolaketa hori Irundik bakarrik ezin dela egin dio Brionesek eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren esku hartzea “beharrezkoa” dela dio, “eta horretarako gobernuetan dauden alderdiek Irunen aldeko apustu garbia egin behar dute”.