Gabonetako Krosean gogoan izango dute Bikendi Aizpiolea
Haur kategoriako sariak BATeko atleta gaztea zenaren izena izango du. Saria, Aizpiolea zenaren Diana Machado amak banatuko du.
Bidasoa Atletiko Taldeko kidea zen Bikendi Aizpiolea 17 urteko gaztea, eta aurtengo apirilean zendu zen, hiru urteko gaixotasun baten ondoren.
Gaur, BATek jakinarazi du Gabonetako Kroseko haur kategoriako sariari Bikendi Aizpiolea deituko zaiola. Klubak adierazi du kide ohiari eta familiari omenaldia egiteko modua izango dela, eta aurten egingo den bederatzigarren edizioan ez ezik, beste edizioetan ere eutsiko diotela izenari.
Haur kategoriako mutil zein neska irabazleek Aizpiolearen ama, Diana Machadoren eskutik jasoko dute garaikurra.