Chakib Lachgarrentzat 58. Behobia-Donostia
Errenteria-Oreretan bizi izan zen eta egun Irunen bizi den lasterkariak nagusitasunez irabazi du aurtengo Behobia-Donostia, probaren errekorra ere hautsita (59:55).
Chakib Lachgarrek irabazi du Behobia-Donostia lasterketaren 58. ekitaldia, eta nola gainera, probaren errekorra hautsi baitu. Errenteria-Oreretan bizi izan zen eta egun Irunen bizi den lasterkariak 59 minutu eta 55 segundotan gelditu du denbora bulebarreko helmugan. Nagusitasunez gailendu da. Zortzigarren kilometroan, pirata ezagunaren parean, proba hautsi du Lachgarrek eta bakarrik egin du lasterketaren bigarren erdia. Bigarren Zakariya El Boubekraoui zaragozarra izan da (01:01:28) eta podiuma Nan Olivares iazko irabazleak osatu du (01:02:00).
Emakumeetan azken metroetako lehia bizia izan da, eta Laura Rodriguez kataluniarra izan da azkarrena (01:14:22) esprintean. Bigarren Sara Villasante donostiarra izan da (01:14:29) eta hirugarren Pilar Fernandez madrildarra (01:14:47).