[Testigantzak] 30.000 partaide, 30.000 helburu
Igandean Behobiako irteeran izango diren 30.000 partaideen artean asko Oarsoaldekoak eta Bidasokoak izango dira. HITZAk haietako hainbaten testigantza jaso du.
30.000 partaide, beste hainbeste helburu. Igandean Behobiako irteeran izango direnek, hasteko, proba bukatzea izango dute xede nagusi. Asko kronometroari lotuta izango dira aurreko urteko markaren bat hautsi nahian. Izango dira, besterik gabe, lasterkarien topagune handiaren giroaz gozatzeko asmoa izango dutenak. Lehenengoz aterako direnek, ilusioz ezagutuko dute zer den Behobia…
Hainbat parte hartzaileren iritziak bildu ditu HITZAk. Honakoak dira:
«Helmugara iristeko unearen emozioa ez dut sekula ahaztuko»
Maitane Gomez Cruz. Pasaia.Aurten lehenengoz parte hartuko dut Behobia-Donostian. Txikitatik izan dudan ilusioa da. Gurasoak eta familiako beste kide batzuk lasterketan atera izan dira, eta beti izan naiz haiek animatzen. Aurten lehenengoz ausartu naiz, eta espero dut azkena ez izatea. Apur bat urduri nago, bai, baina gogotsu ere bai. Gainera, jende askori esan diot aterako naizela, beraz, bai ala bai bukatu beharko dut!
Aspaldi eman nuen izena, pentsatuz prestatzeko denbora soberan izango nuela. Baina uda iritsi, eta bat-batean irailean ginen, eta sentsazioa dut ez naizela gehiegi entrenatu. Hala ere, aurretik, bi lasterketetan parte hartu dut. Izebari entrenamenduak egiteko laguntza eskatu diot.
Sekulako babesa izango dut lasterketan, aitarekin eta amarekin aterako naizelako. Asko lagunduko didate, ziur. Gainera, lagunak Antxon izango ditut animatzen. Uste dut helmugara iristeko unearen emozioa ez dudala sekula ahaztuko.
«Unerik ederrenetakoa Gaintxurizketako kaskoa da niretzat»
Iratxe Etxegoien Errandonea. Lezo.Bosgarren Behobia-Donostia dut aurtengoa. Aurreko urtekoa hobetzea izango da nire helburua. Iazko ekitaldirako Internetetik ateratako entrenamendu plan bat jarraitu nuen, gustura aritu nintzen, eta aurten ere hori errepikatzea erabaki dut. Iaz irteerara gustura iritsi nintzen, eta aurten ere hala izatea nahi dut; ea helmugara ere gustura iristen naizen.
Lasterketa berezia da Behobia. Hainbeste korrikalari, hainbeste jende ezagun bide ertzean… Unerik ederrenetakoa Gaintxurizketako kaskoa da niretzat, baita Kaputxinoetako igoera ere, lezoar asko izaten delako han. Hasiera, baina, ez zait hain gustagarri egiten, lehenengo kilometroak ez ditut oso gustuko.
Beti ikusi izan dudan lasterketa izan da Behobia. Egun ez da Lezoko erdialdetik pasatzen, baina gure etxeko atetik pasa zaigu urte askoz. Aita ateratzen zen, anaia ateratzen da… Gure sentitzen dugu betidanik bizi izan dugulako.
«Lehen minututik azkeneraino oso berezia da lasterketa»
Javi Perez Moreno. Irun.Aurten hamaikagarrenez aterako naiz Behobian. Helburua? Nire marka berdintzea edo jaistea. Ordubete eta zortzi minutukoa da, eta horren bila noa. Korrikalari guztiek dute helbururen bat, hori nirea. Gero, noski, atera behar da. Ondo entrenatu naiz, forma onean nago; katarrotxoa izan nuen joan den astean, baina Behobiako astean dena ahazten da! Ondo nago, alai, eta gogoz.
Irundik, nire hiritik ateratzen da Behobia. Gainera, betidanik nire aita bertan ateratakoa da. Hark sartu ninduen mundu honetan. Beraz, lehen minuturik azkeneraino oso berezia da lasterketa, jendea beti eta edonon animatzen ari delako. Parte hartzen ez baduzu zaila da hori azaltzea. Adibidez, nire senide eta lagunak Irungo suhiltzaileen biribilgunean izaten dira, eta une oso berezia izaten da hori niretzat. 30.000 korrikalari batuko gara etzi berriz ere, eta horrek esan nahi du antolatzaileak gauzak ondo egiten ari direla.
«Txipa aldatu dut aurten; gozatzea izango da helburu bakarra»
Maider Amiano Bidegain. Hondarribia.Aurtengoa nire bederatzigarren Behobia izango da. Nahiko jarraian egin ditut denak, baina iaz belauna ireki nuen eta ezin izan nuen parte hartu. Beraz, gogoz nago.
Ekitaldi guztietan denbora hobetzera joan naiz, baina txipa aldatu dut aurten. Lehen aldia izango da denborari begiratuko ez diodana, erlojurik gabe joango naiz. Gozatzea izango da helburu bakarra. Kontua da ez dakidala hori egiteko gai izango naizen, ohituta bainago denbora begiratzeari, beti atera naiz dena ematera, ahalik eta azkarren egitera. Ez dut besteetan bezala sufritu nahi.
Lagun batekin aterako naiz igandean, antzeko aritzen gara biok korrika, eta biak gozatzera joango gara. Ilusioz gaude, urte osoan korrika gabiltzanentat festa handi bat baita Behobia, ez dago horrelako lasterketarik inon. Ibilbide osoan jendetza dago, eta hori ikaragarria bat da. Horregatik ere guztiz gozatu nahi dut lasterketaz aurten, hasieratik bukaerara.
«Pasioz inplikatzen da jendea lasterketa honetan»
Xabier Lukin Dominguez. Errenteria-Orereta.Aurtengoa 11. ekitaldia izango dut. Aurten, berezitasuna da maila altuan egingo dudan azkenekotakoa izango dela. Lehenengo aldiz udan ondo prestatu dut nire burua, banekielako lasterketan parte hartuko nuela; ilusio handiarekin egingo dut, forman nagoelako, ondo prestatu dut, kilometro dezente egin ditut eta prest ikusten dut nire burua. Helburua ordubete eta bost minututik jaistea dut, lasterketa ordubete eta lau minutuan egitea ondo legoke, eta lehenengo 10-12 lasterkarien artean sailkatzea. Orain arte lortu dudan posturik onena hamahirugarrena izan da.
Behobia-Donostiaren inguruan sortzen den magia horrek guztiak egiten du berezi, lasterketa herrikoia da, jendetza mugitzen du, berezia da bertakoentzat, eta bihotzean eramaten dugu. Pasioz inplikatzen da jendea animatzeko, laguntzeko, ibilbidean dena emateko. Hori da garrantzitsuena, sentimendua duen karrera da hau.
«Pasa den igandean lortu nuen dortsala, eta aurrera»
Intza Mitxelena Ugalde. Oiartzun.Estreinakoz parte hartuko dut lasterketan. Azken orduko erabakia izan da. Ikusi nuen batek dortsala salgai zeukala. Buelta batzuk eman nizkion; hasieran ezetz esan nion nire buruari, baina anaiak animatu ninduen. Igandean lortu nuen dortsala, eta aurrera. Lasterketa propio prestatu gabe aterako naiz, beraz, baina mendi lasterketan aurretik ere ibilitakoa naiz. Lehenengo aldia da, ordea, asfaltoan hainbeste kilometro egingo ditudala. Astelehenean atera nintzen probatzera, ea lur mota horretan 20 kilometro egiteko gai nintzen, eta, behintzat, iritsi nintzen etxera!
Behobia-Donostiarena egun polita dela uste dut. Ez dut hala ere markarik buruan, hankak ez baititut asfaltora ohituta. Nire buruari presiorik ez jartzea erabaki dut, eta gozatzea. Behobia probatu dudala esan nahi dut. Gainera, kuadrillakide asko aterako dira; ez dakit beraiekin batera korri egingo dudan, baina bai gero elkarrekin bazkaltzera joango garela.