Itunaren Batzordeari lehen deia egiteko eskatu du EAJk
2023-2027 urteetarako Bizikidetza eta Segurtasun Plan Estrategikoaren oinarriak ezartzea eskatu dute.
Irungo Bizikidetza eta Segurtasunerako Itunaren berrikuntza abian jarriko dutela eta, EAJ “pozik” agertu da . Ituna jasotzen duen dokumentu berri bat jaso dutela azaldu dute, “balora dezagun eta akordio batera iritsi gaitezen”. Aurreko agintaldian egin bezala, udal talde guztien babesa izatea espero dute jeltzaleek.
Udaltzaingoaren udal ordezkariak Talka Planaren proposamen osoa garatuta izan bezain laster, itunaren Batzorde Iraunkorra deituko zuela iragarri zuela komunikabideetan oroitu du EAJk. Behin hori gauzatuta, talde politiko guztiei horren berri emango ziela erantzun zuen.
Bada, hamalau hilabetez Batzorde Iraunkorra deitzeko itxaroten egon direla deitoratu dute. Hartara, batzordearen lehenengo bilera deitzeko konpromisoa bete dezan eskatu diote alkateari. “Horrela, denak bat, urrats erabakigarriak ematen has gaitezen, Irun hiri seguruagoa izaten lagunduz eta honetarako neurriak adostuz”.
Itunak, aurreko agintaldiko eduki berdina jaso behar duela azaldu dute. Era berean, Irunen “lehenbailehen” ezarri behar direla 2023-2027 urteetarako Bizikidetza eta Segurtasun Plan Estrategikoaren oinarriak iritzi dute. “Talka Plana, herritarrak eta gure hiriko segurtasunarekin zerikusia duten agenteen parte hartzea kontuan hartuta”.