Haurren Eskubideen Nazioarteko Eguna dela sumatuko da Irunen
'Adi! Entzun gaitzazu!' lelopean haurren iritziarekiko errespetua aldarrikatuko dute. Datorren iganderako ekintzez beteriko goiza antolatu dute Zabaltza plazan.
Azaroaren 20a, Haurren Eskubideen Nazioarteko Eguna da, eta Irun, haurren adiskidea den hiri izendatuta dago UNICEFengatik. Izan ere, Haur eta Nerabeen I.Plana idatzi zuten hirian eta, ordutik, eskubide horien baitan lanean aritu dira. Aurten, Haurren Eskubideei buruzko hitzarmenaren 12. artikulua da ospakizunaren ardatza: haurren iritzia errespetatzeko aldarrikapena.
Jarduera programa bat ondu du udalak eta Nuria Altzaga Gazteriako ordezkariak adierazi du “haurrek oraindik ere badituzten arazoei” helduko diotela, “egunero-egunero haien ongizate, garapen eta heziketaren alde lan egitearen garrantziaz kontzientziatzeko”.
Programa
Azaroaren 19an, Adi! Entzun gaitzazu! leloarekin haurrentzako jarduera bereziak antolatu dituzte. Espazio ludikoak izango dituzte eskura, hala nola, poesia, irakurketa, pintura eta antzerki tailerrak, eta denak mugimendu librekoak. Eguerdian, 13:00etan, Grimm anaien parkea antzezlana eskainiko dute, Erre produkzioena. Zabaltza plazan izango da dena, 11:00etatik 13:00etara.
Jardunaldi hau egiteko elkarlanean aritu dira: Txikis del Bidasoa; Espacio Emhan; Jon Saenz del Vastillo; Rythm Antzerki Musikala; Parean Elkartea; Txiribuelta Haur Ekintzak; Asier Burguete; Kilimar Elkarteak eta Erre Produkzioak.
Egitaraua honako hau izango da:
- Emozioak margotzen (Marte Laborategia) Artegintza landuko da, galdera bat abiapuntu hartuta: zer-nola sentitzen gara entzuten ez digutenean?
- Interpretazioa jolasten (Rhythm Antzerki Musikala) Tailer honetan, ahozko eta gorputzaren bidezko adierazpena landuko da: lehenengo, eszena bat eta, gero, abesti labur bat eta koreografia txiki bat.
- Liburu txokoa (Parean Elkartea) Zorionez, gero eta liburu gehiago sortzen dira genero ikuspegia kontuan izanik. Bada, Parean Elkarteak horrela sortutako liburuak ezagutarazteko gidaliburu bat prestatu du; hasieran, Katakrak argitaletxearekin elkarlanean, eta, gero, partaidetzaren bidez. Orain, guraso eta haurren esku jarri du, berau osatzen duten liburuekin batera, eta parte hartzaileek espazio atsegin batean irakurri eta ikusi ahalko dute. Gainera, irakurtzen dituzten liburuetako irudien txapak egiteko aukera izango dute.
- Psikomotrizitatea (Txiribuelta Haur Ekintzak) Haurrak mugitzeko, salto egiteko eta/edo arrastaka ibiltzeko espazio bat egokituko da.
- Klerak (Txiribuelta Haur Ekintzak) Kolon ibilbideko galtzada haurrak espresatzeko mihise bat handi bihurtuko da.
- Eraikuntzak (Txiribuelta Haur Ekintzak) Eraikuntza pieza handiak erabiliz, kalean eraiki eta espazio publikoaz gozatu ahalko dute parte hartzaileek.
- Grimm anaien parkea (Erre Produkzioak), 13:00etan. Bazen behin parke bat garbitu behar zuen kale garbitzaile pare bat. Parkea itxita egona zen mende bat baino gehiago, baina ateak berriro zabaltzekoa zen. Edonola ere, kale garbitzaileei ez zitzaien burutik pasatu ere egin parkea Grimm anaien omenez eraikitakoa zenik eta haien ipuinetako pertsonaiak (Txanogorritxo, Mari Errauskin, Hansel eta Gretel, Loti Ederra, Edurnezuri…) beren bizitzan sartuko zirenik.
- Kale animazioa (A&B Shows, Asier Burguete)
Gazteleku eta haurtxokoen ekarpenak
Haurtxokoetako hezitzaileek, hainbat saiotan, haurren eskubideak landu dituzte, eta lanketa horretan oinarrituta, haurren iritzia errespetatua izateko eskubideari buruzko mural bat margotu dute. Jardunaldietan ikusgai egongo dira.
Martindozenea gaztelekuan ere beste mural bat egiteko asmoa dute, azaroaren 15ean eta 22an. Horretarako, Maialen Arozena artista irundarra bertan izango da, eta parte hartzaileek margotzeko ez ezik haur eta nerabeen eskubideei buruz posibleko dute hitz egin. Lehenengo saioan, muralaren zirriborroa egingo dute, eta bigarrenean, margotu.
Bi egunetako saioak, 17:00etatik 20:00etara bitartean izango dira. Parte hartzeko gaztelekuan eman daiteke izena, Whatsapp bidez 690 706 471 telefonora idatzita; posta bidez mezu bat bidalita, edo Instagram bidez.
Artiako gaztelekuan ere egongo da zer egin. Tailer bat antolatu dute mixed media delako teknika erabiliz, alegia, obra batean bi teknika artistiko edo gehiago konbinatuz. Hori azaraoaren 14an, 18:00etan izango da; eta hilaren 21ean ere, 17:30ean.
Lehen saioan, haurren eskubideak izango dituzte hizpide; bigarrenean, mihise batean irudikatuko dituzte beren ideiak, eta nahi izanez gero, etxera eraman ahalko dute mihisea.
Artiako tailerrean parte hartzeko gaztelekuan eman daiteke izena edota Whatsapp bidez 681 946 798 telefono zenbakira idatzita; posta bidez mezu bat igorrita; edota Instagram bidez.