Arkeologia izar izateko prest Bidasoko Nazioarteko Zinemaldian
Hurrengo aste osoa iraungo du Bidasoko Nazioarteko Zinemaldi Arkeologikoak. Amaia KZn izango da baina online segitzeko aukera ere izango da. Guztira 30 film luze eta labur proiektatuko dira XXIII. edizio honetan.
Astelehenean hasiko da arkeologia izar duen Bidasoko Nazioarteko Zinemaldi Arkeologikoaren XXIII. edizioa. Hilaren 13an hasi eta 18ra bitartean luzatuko da zinemazaleak eta arkeologia zaleak batzen dituen zinemaldia. Guztira 30 film labur eta luze eskainiko dituzte Amaia KZn.
Aurreko edizioan izan bezala, “Espainia, Frantzia eta Italiako filmak” izango direla nagusi iragarri dute. Esaterako, Historias de una necropolis, Amazonen erregina eta Izpi bat uretan bezala. Nagusitasunak nagusitasun, beren lekua izango dute ere Turkia, Brasil eta Serbiako ikus-entzunezkoek, Aurrez aurre dudan lekua: sambaqui-ak, adibidez.
Zinemaldira joateko sarrerak dagoeneko salgai daude eta udalaren webgunearen bitartez lortu behar dira.
Egitaraua
Hiru sailetan bereizi dute zinemaldia: Sail Ofiziala, Hezkuntza Saila eta Itsas Arkeologia Saila. Denak, gainera, online ikusteko aukera izango da Festhome plataformari esker, zinemaldiak izan bitarte.
Online ez ezik, itsuek ere filmaz gozatzeko aukera eskainiko dute AudescMobile doako audio deskripzio sistemari esker. Kasu honetan, Historias de una necropolis dokumentala izango da eskainiko dutena, Javier Truebarena.
- Sail Ofizialekoak astelehenean hasiko dira, hilak 13, 17:00etan eta 19:00etan, Amaia KZko hitzaldi aretoan, eta auditoriumean, hurrenez hurren. Ostiral eta larunbatean izango dira hurrengo saioak, 11:00etan, baita mahai inguruak ere, memoria historikoaren gainean.
- Hezkuntza Sailekoak datorren asteartean hasiko dira (hilak 14) Amaia KZko auditoriumean, goizez. Film laburren ziklo bat eskainiko dute.
- Itsas Arkeologia Saileko filmak, berriz, Donostiako Aquariumean izango dira. Kasu honetan, zinema arkeologikoaren gaineko maratoi bat egingo dute, eta, emanaldiaren ondoren, mahai ingurua antolatu dute.
Azaroaren 18ko itxiera ekitaldia “berezia” izango dela aurreratu dute. Izan ere, sariak banatzeaz gain, Irulegiko eskua eta Indiana Jones eta azken gurutzada pelikulak proiektatuko dituzte. Programazio hori Bizinema ekimenak bultzatuta izan dela azaldu dute. Arratsaldeko 18:30ean hasiko da.
Sariak eta epaimahaia
Lau sari banatuko dituzte eta horiek erabakitzeko epaimahaia ikus-entzunezkoen eta arkeologiaren alorreko profesional “entzutetsuek” osatuko dute. Honako hauek dira banatuko diren sariak eta aitortzak:
- Zinemaldi sari nagusia, 2.000 eurokoa.
- Ikusleen sari berezia, 1.000 eurokoa.
- Hezkuntza Saileko saria, 750 eurokoa.
- Dibulgazio zientifikoko Arkeolan saria, sari ekonomikorik gabekoa.
Bestalde, Hezkuntza Sailean zinemaldiko kideek osatutako epaimahai batek lan pedagogikorik onena sarituko du. Arkeolan saria, berriz, fundazioko kide diren adituek baloratuko dute, eta ikusleen sari berezia ikus-entzuleek film bakoitzaren proiekzioaren ondoren emango duten botoen bidez deliberatuko da.