Osasun Bidasoak bigarren mobilizazioa egin du
Diagnostikoak "larri" atzeratzen ari direla ohartarazi du plataformak, eta profesionalen falta ere salatu dute. Azarorako beste bi mobilizazio deitu dituzte Irun eta Hondarribian, eta abendurako bat.
Datozen egunetarako deitu dituzten lau mobilizazioetatik bigarrena egin dute gaur herritarrek Erdiguneko anbulatorioan. Hurrengo elkarretaratzeak honako hauek dira:
- Azaroak 16, osteguna, 14:00etan: Hondarribiko anbulatorioa.
- Azaroak 23, osteguna, 14:00etan: Bidasoa Eskualdeko Ospitalea.
- Abenduak 2, larunbata, 12:00etan: Irungo Zabaltza plazan.
Osasun Bidasoa plataformak salatu du diagnostikoetan atzerapen larriak izaten ari direla, egunetik egunera luzeagoak direlako kontsulta espezializatuetarako eta proba diagnostikoetarako itxaron zerrendak.
Hori gutxi ez, eta profesionalak, pazienteak bezala osasun sistema pribatura joaten ari direla deitoratu dute. Pazienteen kasuan, ekonomikoki ahal duenak, eta profesionalen kasuan, lan baldintza hobeak medio.
Izan ere, gaur gaurko egoera ezin zaiola pandemiari egotzi salatu du plataformak. “Uste dugu hornidura historiko eskasa dela, bai azpiegiturei dagokienez (ospitalea eta anbulatorioak), bai profesionalei dagokienez”. Defizit kronikoa dela gertatzen ari dena diote eta horri baliabideen kudeaketa “txarra” gehitu behar zaiola.
Herri plataformak hainbat erreklamazio egin ditu. Hona hemen, hitzez hitz:
- Osasun sailburuak profesionalekin, tokiko erakundeekin eta herritarren ordezkariekin elkarrizketatzeko konpromisoa betetzea eskatzen dugu. Herritarrei eta eragindako profesionalei entzuteak egoera hobetzea ahalbidetuko luke, errealitatea ezagututa.
- Espezialistekin kontsultetarako eta proba osagarrietarako itxaron zerrendak murriztea eskatzen dugu. Premiazkoak ez direnak 60 eguneko epea eta lehentasunezkoak 15 eguneko epea ez lukete inola ere gainditu behar.
- Profesional gehiago baldintza duinetan kontratatzea eskatzen dugu, kontratu egonkorrekin, eta lanpostu hutsak eta absentziak betetzea, lan-karga onargarria izan dadin.
- Kalitatezko arreta ahalbidetuko duen osasun azpiegituretan inbertitzea eskatzen dugu. Ebakuntza gelak ospitaleko eraikin erantsi batean, hirugarren anbulatorioa Oinaurren, eta Irun erdialdea eta Dunboa anbulatorioetako birmoldaketa.