Hoditeria berritu dute Poxpologile kalean
Maiatzean hasi zituzten obrak eta hamalau hilabete iraungo dituzte. Lanen lehen fasean, uraren hoditeria berritu dute.
Poxpologile kaleko obrak bisitatu zituen atzo Jose Antonio Santano alkateak, bertako bizilagunen elkarteko kideekin batera. Jarduketa lanak maiatzean hasi ziren eta hamalau hilabeteko epea dute horiekin bukatzeko. Udal gobernuak 2.491.993,50 euro bideratu ditu lan horietara.
Lanak lehenengo fasean daude eta atzoko egunera arte, Dunboa eta Erlaitz kaleena arteko tartean egin dituzte lanak eta ur beltzak eta euri urak saneatzeko azpiegitura guztiak berritu dituzte. Edateko ura banatzeko sareko hoditeria guztia ere berritu dute.
Ramon Iribarren kaleko bidegurutzeko lanen fasean, ur beltzak saneatzeko hoditeria berritzeko lanak hasi dituzte, eta zenbaki bikoitien espaloian jarraitu, 10 eta 13 zenbakien parean, ur gora. Aurrerago, edateko ura banatzeko hodia kanalizatzeko lanak hasiko dituztela iragarri dute.
Argitzapen hodiak ere berritu dituzte eta 7 metroko garaiera duten bi farola instalatu dituzte, bi argikoak, led argiak erabiltzen dutenetakoak, ibilgailuentzako bidea eta oinezkoentzako espaloiak argiztatzeko.
Bestetik, zenbaki bikoitietako espaloian, 2 eta 4 zenbakien arteko tartean zolagain berria jarri dute, eta zenbaki bakoitietako espaloien ere zolagaina berritzen hasi dira, 1 zenbakiraino. Dena den, bidean aglomeratua botatzea eta mailak doitzea falta da eta urte bukaerarako egitea aurreikusi dute. Bien bitartean, aparkalekuak berreskuratu dituzte.