Elizatxo hiribidea oinezkoentzako izango da
Katea auzoa ez da bitan banatuta egongo eta Elizatxo hiribidearen azpitik oinezkoentzako pasabide bat egongo da.
Katea auzoa bitan banatuta ez segitzeko obra proiektua aurkeztu du, gaur, Irungo Udalak: Elizatxo hiribidea oinezkoentzat eta txirrindularientzat izango da. Lan horiek Adifek hirugarren haria eraikitzekoaren parte dira.
Elizatxo hiribidea guztiz berrurbanizatuko dute eta, horretarako, egungo zubia eraitsi eta Adifek zubi berri bat eraikiko du. Horren ondoren, udalak zubia berrurbanizatuko duela iragarri du. “Oinezkoentzako pasabide bat sortu nahi dugu, ViaIrun garapen berrira iritsiko den parke lineal berri baten hasiera izango dena”.
Katearen pareko Elizatxo etorbidea biaduktu bat da auzotarrentzat, eta, gainera, trafiko buxadura handia jasaten dute. Horrez gain, auzoaren bi aldeetan mugitzeko konexioak txikiak eta degradatuak dira, eta Telleria kaleko pasabidea itxita dago.
Hartara, Katea auzoak pasarela berri bat izango du Elizatxo etorbidea oinezkoentzat bilakatuz, Letxunborro hiribideko biribilgunetik Molino errepideko bidegurutzeraino.
Horretarako, biaduktua desmuntatu egingo da eta oinezkoentzako zein txirrindularientzako pasarela bat eraiki, “bi kotak elkartzeko eta trenbide gainetik pasatzeko”. Pasarela hori Andrearriaga kalearen paraleloa izango da, eta %6tik beherako pendiza izango du, kalearen kotara heldu arte.
Egungo hormek ematen duten lubaki sentsazioa desagerraraziko dela azaldu du udalak. Elizatxo hiribidea pasabide bat izango da eta horren azpian parte linealerako sarbidea egongo da. Egitura zabal bat diseinatu da, bertan egoteko lekuak, zuhaitzak, lorategiak eta bidegorria ere sartzeko.
Pasarela berriaren azpian lokal batzuk aurreikusi dituzte eta horietako bat Euskotrenek geltoki berria eraikitzeko balia dezakeela adierazi dute. Era berean, ADIFen gainerako tren azpiegiturekin lotu ahal izateko azterketa burutzen ari dira.