Bidasoaldeko elkarte feminista prest da azaroaren 25ari begira
Tailer, antzerki edota hitzaldiz josi dute egitaraua. Bidasoaldeko Ekonomia Feminista Eskolaren buelta iragarri dute horren barnean. Lehen jarduera, larunbat honetan izango da.
Bidasoaldeko elkarte feministak aurkezpena egin du indarkeria matxistaren kontrako nazioarteko egunaren harira antolatu dituzten tailer, proiekzio eta hitzaldiena. Lehen jarduera, larunbat honetan izango da.
Konfinamendua eta biolentzia
Azaroak 11, 18:00etan, Palmera Monteron.
Sara Ibarrola soziologo irundarrak hitzaldia eskainiko du Covid-19gatik 2020ko martxotik ekainera izandako konfinamenduaren eragina Nafarroako emakumeengan aztertuz. Emakumeen aurkako indarkeria pairatutakoek eta 65 urtetik gorakoek konfinamendua nola bizi izan zuten, hain zuzen ere. Ibarrola berak egindako ikerketa batean oinarrituta izango da.
Soledad Murilloren hitzak ekarri ditu Ibarrolak: “Ikerketan ageri da genero desberdintasunak indartu egin zirela konfinamenduan eta ageri da ere desberdintasun horiek ez direla era berdinean gertatu emakume guztietan. Horregatik, emakume bakoitzaren bizipena desberdina izan da”
Adingabekoak dituzten helduentzako hezkuntza afektibo sexuala
Azaroak 11, 11:00etan, Palmera Monteron.
Egun horretan bertan, hilaren 11n, adingabekoak dituzten helduentzako hezkuntza afektibo sexualeko tailerraren aurkezpena egingo du Rebeca Leston gizarte hezitzaileak. Hilabetean behin egingo den tailer horretan, erremintak emango dizkiete adingabeen kargu diren helduei errespetuzko haziera baterako, haurren jaiotzatik helduaro arte baliagarriak izango direnak.
“Proiektu hau ez da inor epaitzeko proiektua, baina bai hausnartzekoa adingabekoak nola hezten ari garenari buruz. Ondoren, biolentzia maila altuak eta enpatia falta handia ez sumatzeko” dio Lestonek. Datorren urtean jarriko da martxan tailerra eta taldea eratzea da larunbat honetako aurkezpenaren helburua.
Autozainketa eta autoezagutza: jardunaldi irekiak
Azaroaren 21an, 17:30ean, Palmera Monteron.
Bidasoaldeko elkarteko kideak autozainketa eta autoezagutzari lotutako jardunaldi intentsibo bat egiten ari dira duela hiru urtetatik Flor Savanti antropologo, yoga irakasle eta berdintasun agentearekin, eta, orain, jardunaldi horien ate irekiak egitea erabaki dute. Autozaintzatik autoezagutza lantzen dute, “autozainketa autoezagutzarako tresna gisa” dio Savantik. Saioak hilabetean behin izaten dira.
Tailer praktikoa da eta gorputzetik egiten dute lan, arnasketetatik. Asmoa da autozainketa entrenamendu gisa hartzea eta hori indartzea, “eguneroko ariketa bat da. Hortzak garbitzea bezala da, ez du balio egun batean soilik garbitzea eta beti garbi egongo direla pentsatzea”. Kontzientzia garatzen saiatuko direla aurreratu du antropologoak.
Entrenamendu horien bitartez, norberaren gaineko kontzientzia garatzen saiatzen dira. Alde antropologikoa ere badu tailerrak eta arketipo eta mitologiaren bidez ere landuko dute autozainketa. “Heroiaren bidaia, jainkosa greziarrak…”.
Askabide antzerki feminista
Azaroaren 25ean, 19:30ean, Kabigorrin.
Askabide antzerkia eskainiko dute, emakumeek erlijio desberdinen eraginez patriarkatuak ezarritako rolak izango ditu hizpide. “Transgresorea da”, baieztatu dute. Patriarkatuak eta eliza eta erlijio desberdinek emakumeei rol bat ezartzen dietela azaldu du Bidasoaldeko elkarteak, “batzuetan emakumeen janzteko eran eragina dute”. Abortu klinika batera joan zen pertsona baten istorioan oinarrituta dago, zeinak presio handia jasan behar izan zuen ondorioz.
Ekonomia Feministaren Eskola
Abenduaren 3an, 10:30ean, Palmera Monteron.
Ekonomia Feministaren Eskolaren aurkezpena egingo dute abenduaren 3an, Palmera Monteron, 10:30ean. Bidasoaldeko elkarteak “asko maite duen” proiektua dela gogoratu dute eta berrartu egingo dute, hau da, ez da eskola berria. Donostiako Emakumeen Etxean ezagutu zuten Ekonomia Feminista Eskola, 2016an, eta urte horretan bertan Irunera ekartzea erabaki zuten.
Hondarribiko Emeki taldearekin egin zituzten hainbat saio eta 2017an urtarrilean Irungo Palmera Montero gunera lekualdatu ziren. Pandemia iritsi arte egon zen eskola aktibo, eta orain berriz jarriko dute martxan.
Adinekoekin lanean
Irakurketa talde bat sortu zuen Bidasoaldeko elkarte feministak San Migel eta Belaskoeneako adinekoen zentro sozialetan. “Emakume guztietan aldaketa ikaragarria izan da zeren eta irakurketak balio du arma oso indartsu gisa ahalduntzeko, autoestimurako”.
Irakurketarekin urte osoan zehar egoten dira lanean eta, batzuetan, talde honekin bestelako jarduerak egiten dituzte. Kasu honetan, jabekuntza tailerrak egingo dituzte, ahalduntze lanekin segitzeko. Lestonek gidatuko du saio hau ere eta bihar izango da, 17:30ean, San Migeleko adinekoen zentroan. Palmera Monterora ere joango dira, hilaren 20an, 17:30ean.
Bestalde, adinekoekin Bozatera irteera bat egin zutela azaldu du elkarteak, agoteen historia ezagutzeko. “Lilluratuta itzuli ziren. Diskriminazio anitzek hunkitu egin zieten”. Beraz, Baztan pelikula proiektatzea erabaki dute gaiaren lanketarekin segitzeko. Bihar, Belaskoenean izango da, 16:00etan; eta hilaren 24an San Migelgo helduen zentroan.