Real Unionek bertan behera utziko du Realarekin duen akordioa
Antxeta irratiak aurreratu du hitzarmena bertan behera utzi eta Aston Villarekin beste bat sinatuko duela talde txuri-beltzak.
Antxeta Irratian Jean Pierre Harocarene kazetariak iragarri du Real Unionek hautsi egingo duela Realarekin duen hitzarmena. Baieztatu du azken egunetan Juan Manzisidor taldearen zuzendariordea, Igor Emery taldearen zuzendaria eta Josu Reta abokatuak bilduta izan direla, eta Donostiako taldeari duten asmoa adierazi diotela.
Talde txuri-beltzaren asmoa Aston Villa talde ingelesarekin hitzarmena egitea da. Harocarenek Real Unionen egitura eta Realarekin duen harremana “nola geratuko diren” azaldu du. Izan ere, hausteak harrobian izango duela eragina batez ere aipatu zuten irratian: “Emakumezkoen Mariño-Real Union taldeari ere eragingo ote dion argitu beharko da oraindik”.