Aldundiak 14 milioi euro bideratuko ditu erabilera askoko pabiloira
Pabiloia instalatzeko 14 milioi eurotik gorako urte anitzeko kontu sail bat izango du aldundiak eta lehen ekarpena 50.000 eurokoa izango da. Instalazio honek HAPO aldaketa ekarriko du.
Erabilera askoko pabiloia izan du hizpide udalak. Urte hasieran aurkeztu zuten proiektua gauzatzeko asmoa eta gaurkoan iragarri dute Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurrekontuek pabiloia instalatzeko 14 milioi eurotik gorako urte anitzeko kontu sail bat izango duela. Lehen ekarpena datorren urtean jasoko dutela dio Irungo Udalak eta 50.000 eurokoa izango da.
Jose Antonio Santano alkatearen esanetan “oso albiste ona da, eta hau kontu serioa den bermea, baina lanean jarraituko dugu, beste erakunde eta entitate publiko eta pribatu batzuen ekarpen eta finantzabide gehiago erakartzeko”.
Azterlan bat egin dutela kokapenari buruz ere adierazi du udalak eta Ficobako parkinga “egokia eta aproposa” dela erabilera askoko instalazioa kokatzeko ondorioztatu dute. Azterketa horrek HAPO aldatu beharra aipatzen duela dio udalak eta dagoeneko aldaketa hori enkargatu dutela azaldu dute.
“Izan ere, egun indarrean dagoen planak kirol ekipamendutarako kalifikazio urbanistikoa egokitzen dio aipatutako espazioaren zati bati, baina, instalazioa antolamenduarekin bat etorriko bada, kalifikazio hori hedatu beharra dago”, adierazi du udalak.
Pabiloi berri honetan Bidasoa eskubaloi taldearen Europa mailako partidak antolatzeko eskakizunei erantzungo diote. Horrez gain, Gipuzkoan tokirik ez duten “lehen mailako musika eta kultur ikuskizunak” bertan antolatzea dute asmo. Guztira 5.200 lagun eserita elkartzeko aukera eskainiko du, eta harmailak jaso eta zutikako 10.000 lagunentzako pista bat izango du.
Lurpeko aparkaleku bat egin nahi dute ere 700 ibilgailurentzat. Hala, Ficoba kanpoko eta lurpeko aparkalekua kontutan hartuta 1.000 ibilgailu baino dezente gehiago kabituko dira.