"Eraginkortasun handiago baterantz aurrera egiten jarraitzeko" erronkak planteatu dituzte
Gipuzkoako Foru Aldundiarekin duela bi urte sinatutako lehen hitzarmenaren esparruan ekintzak baikor baloratu dituzte.
Energiaren Eskualdeko Mahaiak, Bidasoa Bizirik-en barrukoa, trantsizio energetikoko prozesu bat bultzatzea eta aktibatzea du helburu, eskualdeko funtsezko sektoreetan jarduketak inplementatuz eta horiek helburu zehatzera eramanez, Irun eta Hondarribiko energia kontsumoa murrizteko. “Karbono aztarnaren prozesuan aurrera egin nahi dugu, eta kontsumoa murriztu eraginkortasun energetikoaren bidetik”.
Atzo egin zuen Bidasoko energiaren mahaiak batzarra. Gipuzkoako Foru Aldundiarekin duela bi urte sinatutako lehen hitzarmenaren esparruan ekintzak baikor baloratu zituzten, Bidasoa Eskualdeko Energia Planean bildu zituztenak. Plan horren aranera udalek aholkularitza jaso dute energia eraginkortasunean urratsak egiteko, tartean izan direlarik udalen politika fiskalean irizpide energetikoak txertatzeko neurriak, bai eta enpresetan karbonoaren aztarna gutxitzeko proiektuak ezartzeko ere, zazpitan zehazki; beste enpresa batean proiektu pilotu zehatzagoa landu dute eraginkortasun energetikoaren ildotik. Ibilgailu elektrikoei buruzko sentsibilizazio kanpaina ere egin zuten planaren barruan. Urte bukaeran egiaztatuko dute planaren ezarpen maila. Plana garatzeko 100.000 euroko jaso zuen Bidasoko erakundeak aldunditik.
Jose Angel Paez Bidasoa Bizirik-en presidenteak aipatu zuen energia berriztagarrien aldeko apustua egin behar dela: “Horrek, eskualdeko iraunkortasun eta eraginkortasun energetikoan laguntzeaz gain, aukera berriak ireki ditzake enpresa eta ekonomia jardueretarako, azken batean, pertsonen ongizaterako”. Estitxu Urtizberea lehendakariordeak, bere aldetik, azaldu zuen kontsumo ohiturek aldaketa klimatikoan eragin ezkorrak dituztela, “gurpil-zoro batean sartzen gaituelarik”. Hala, kontsumo ereduaren gaineko gogoeta egin, eta trantsizio energetikoaren aldeko pausoak eman behar direla adierazi zuen, “Bidasoa Bizirik-en kasuan neurri hauek enpresen eskura jartzeko lan eginez”.