Alerta laranja ezarri dute haizete gaua aurreikusita
Gaueko 21:00eatik 00:00etara aurreikusi dute haize bolada handiak eta ondorioak saihesteko neurri batzuk zabaldu ditu Udaltzaingoak.
Irungo Udalak jakinarazi du alerta laranja ezarri duela Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak gaur gauerako, 21:00eatik 00:00etara. Haizete gaua aurreikusi dute 120 km/h-ko abiadura har dezaketen haize-boladekin.
Ondorioei erantzuteko beharra balego, Udaltzaingoa udaleko gainontzeko sailekin koordinatua dagoela azaldu dute. Udal zerbitzuak prebentzio-neurri batzuk hartzen hasi dira eta datozen orduetan Babes Zibileko erreserbak aktibatuko dira beharrezkoa dela ikusten badute.
Horrez gain, Udaltzaingoak gomendio eta prebentzio-neurri batzuk helarazi ditu, haize boladek eragin ditzakeen ondorio negatiboak prebenitzeko edo arintzeko:
- Itxi ateak, eta finkatu leihoak eta olanak.
- Kendu loreontziak eta kalera eror daitezkeen gauza guztiak.
Kanpoan baldin bazaude:
- Behar-beharrezkoa ez bada, ez joan mendira adierazitako ordu horietan, eta, joan behar baduzu, babes-neurri egokiak hartu.
- Urrundu erlaitzetatik, hormetatik, zuhaitzetatik edo publizitate-hesietatik, eta kontu handiz ibili eraikitzen ari diren edo egoera txarrean dauden eraikinen aurrean bazaude.
- Aldamioak, garabiak eta obrako bestelako elementuak finkatu.
- Bidaiaren bat egingo baduzu:
- Ahal bada, ez egin errepideko joan-etorririk, eta, edonola ere, aurrez neurriak hartu.
- Informa zaitez joango zaren edo igaroko zaren aldeko meteorologia-baldintzei buruz.
- Itsasaldean bazaude:
- Urrundu zaitez haize gogorrek eragin ditzaketen olatuen eta mareen eragina jasan dezaketen lekuetatik.
- Ez erabili itsasontzirik, eta berrikusi horien amarrak. Ez egin uretako kirolik.