Udal tasak eta zergak %5 igoko dira
Ekonomian "salbuespen egoera" bukatutzat jo dute udalean eta inbertsioak berreskuratze aldera hartu dute tasak eta zergak igotzearen erabakia.
Joan den ostiralean egin zen osoko bilkura Irunen eta gai nagusienetako bat izan zen udal tasen eta zergen igoera. 2019tik ez da igoerarik egin eta hori hala izan dela “salbuespeneko egoera” medio oroitu zuen Miguel Angel Paez Ogasun zinegotziak. Azkenean, EAJren eta PSE-EEren babesarekin %5 igotzea onartu zen.
Salbuespen egoera igaro dela uste du udal gobernuak eta tasen eta zergen igotzea horregatik proposatu dute. Lau urtetan tasak eta zergak izoztuta egoteak “diru sarreren etenaldia” eragin duela azaldu zuen Paezek.
Gogoratu du udalak bi diru iturri nagusi dituela: “Udalak bi diru-sarrera iturri ditu: PFEZaren bilketa, udal finantzaketarako foru funtsaren bidez eta udalak biltzen dituen zuzeneko zerga eta tasen bidez. Biek izan zuten eragina denbora-tarte horretan, eta gainera, jarduera ekonomikoaren geldialdiari aurre egin behar izan genion”.
Beste udal batzuetan ez dituztela tasak eta zergak izoztu azaldu du Paezek, esaterako Pasaian eta Errenteria-Oreretan. Hori ez ezik, tasak eta zergak igotzen aritu direla progresiboki adierazi du. Irunek, aldiz, beste bide bat hartu zuela gogoratu du zinegotziak.
EH Bilduk desadostasuna azaldu zuen normaltasun ekonomiko eta soziala berreskuratu izanean, “oraindik ere familiek esfortzu handia egin behar dute hilabete bukaerara iristeko, eta udal zergen %5eko igoera orokorra gehiegikoa da bizitzaren garestitzea eta soldaten igoeraren arteko aldea kontuan hartuta. Ezinbestekoa da udal tasetan eta zergetan progresibitatea ezartzea, gehien duenak gehiago ordaindu dezan”.
Elkarrekin Irunek ere ez du bat egin normaltasun ekonomiko eta soziala itzuli denarekin. “Badira makroekonomiari dagozkien adierazle batzuk diotenak pandemia aurreko maila berreskuratu dela, baina egia da ere familien eros ahalmena kolokan dagoela Euskadin”.
Koalizio morearentzat sakonagoa den arazo bat dago eta horrek jarduteko “oso tarte txikia” uzten diola uste dute: “Toki zergak arautzen dituzten foru arauek, kasurik onenean, hogei eta hamar urte edo gehiago dituzte. Esan daiteke arau horiek ez dutela islatzen egungo gizartea eta egoera ekonomikoa”.
Beraiek eta jeltzaleek egindako zuzenketa bat onartu zen, zeinak %150era igoko da etxebizitzei aplikatzen zaien errekargua, “indarrean dagoen Foru Arauak baimentzen duen gehienekoraino”. Abstenitu egin ziren PP eta EH Bildu, eta sozialistek alde bozkatu zuten.
EAJren zuzenketak onartuak izan ziren eta udal gobernu berria martxan jarri denetik lortu duten lehen akordioa izan da jeltzaleena eta PSE-EErena. “Demagogiatik urrun dagoen politika eraginkor baten alde egin dugun apustuaren erakusgarri da, eta irundarren beharrei erantzutea lehenesten du une oro”.
Jeltzaleek “arrazoizkotzat” jo dute tasen eta zergen igoera orokorra, “Irungo inbertsio beharrei baldintza hobeagoetan aurre egin ahal izateko, zerbitzu publiko hobea eskaintzeko eta gure udalaren ahalmen ekonomikoa nabarmen hobetzeko”. Onartu duten aurrekontua “aukera paregabea” dela diote Irunek “aurrera egin dezan”.