20 urtez azpikoen Espainiako Txapelketetan, BAT bikain
Gizonen taldea 8. izan da A kategorian. Emakumeak, berriz, irabazle izan dira B kategoriako lehen finalean.
20 urtez azpikoen Espainiako Pista Txapelketak jokoan izan dira asteburuan Durangon (emakumeak) eta Madrilen (gizonak). Gizonena A finala izan zen, eta zortzigarren sailkatu ziren Bidasoa Atletiko Taldeko (BAT) kideak; emakumeena, berriz, B finalen artetik lehena izan zen, eta garaile izan ziren bidasoarrak, beraz, Espainiako 9. dira neskak (A kategorian zortzi talde daude). “Klubaren historia liburuan idazteko moduko asteburua izan da”, azaldu dute atletismo klubeko kideek: “Gure harrobia forma egoera bikainean dago, eta hori gozatu beharra dago”.
Emakumeek bi finaletatik lehena izan zuten jokoan Durangon, hain zuzen, aurretik puntu gehien zituzten taldeen finala. BATek adierazi du bidasoarren lehia erregularra eta irmoa izan zela. Zoiti eta Real Sociedad taldeak izan zituzten atzetik. Taldeari puntu asko eman zizkieten garaipenak nabarmendu ditu taldeak: 200 metrotan Leire Martiarenarena; 800 metrotan Izaskun Sanzena; 1.500 metrotan Irati Errorena; Aiala Ramosena xabalina jaurtiketan; 4x100eko erreleboena (Martina, Alaine, Nerea eta Laia taldekideekin); eta 4×400 erreleboarena (Uxue, Nahia, Nerea eta Eider taldekideekin).
Bigarren postuak lortu zituzten Laia Olaskoagak (400 metrotan), Eider Alzagak (100 metro hesietan) Alaine Agerraldek (400 metro hesietan) eta Elaia Tapia (luzea jauzian).
Hirugarren izan ziren, berriz, honako atletak: Lorea Cabezon (3.000 metrotan); Maria Bauza (hesidun 2.000 metrotan); Maider Robledo (pertigan) eta Maialen Diaz (disko jaurtiketan).
Ohorezko beste postu asko lortu zituzten BATekoek.
Gizonak
Vllermosoko (Madril, Espainia) pistan lehiatu ziren BATen 20 urtez beherako gizonak. Lehen postu bat, bi bigarren, eta hirugarren bat eskuratu zituzten, beste emaitzekin batera, azkenean talderako Espainiako zortzigarren izateko.
Garaipena Mari Estangak lortu zuen pertigan. Bigarren postuetan gelditu zirenak Mikel Aramendi (3.000 metrotan) eta Joaquin Alonso (400 metro hesietan) izan ziren. Hirugarren postua bere egin zuena Beñat Mikelarena izan zen, 200 metroko proban.
Bestelakoan, postu on asko lortu zituzten BATeko atletek.