Hondarribiko 2024ko hamabi hilabeteek argazkiak behar dituzte
Datorren urteko udal egutegiaren lehiaketarako argazkiak aurkezteko epea bihar (asteartea) bukatuko da. Posta elektronikoz bidali behar dira irudian.
Hondarribiko Udalak argazki lehiaketa antolatu du, 2024ko udal egutegiaren 366 egunek (bisurtea da) alboan irudi ikusgarriak izan ditzaten. Udaletik jakinarazi dute argazki horiek aurkezteko epea bukatzear dela. Zehazki, bihar (hilak 31, asteartea) da horiek bidaltzeko azken eguna. Posta elektronikoz bidali behar dira (hemen klik egin helbide horren berri izateko).
Lehiaketara aurkezteko hainbat baldintza bete behar dituzte interesdunek. Hasteko, egile bakoitzak gehienez hiru irudi bidal ditzake (saritu edo argitara gabeak izan behar dute), eta oinarrietan zehaztua dago urteko hilabeteekin identifika daitezkeen Hondarribiko irudiak izan behar dutela. Horiek bidaltzerakoan bere datuak erantsi behar ditu egileak (izen-abizenak, helbide elektronikoa, telefono zenbakia eta NAren fotokopia): Hondarribiko 2024ko udal egutegirako argazki lehiaketa esaldia jarri beharko da postaren Gaia atalean.
Hamabi saritu izango dira, hilabete bakoitzeko bana: 100 euro eta opari bat jasoko dute horiek guztiek. Horien berri ez dute egutegia aurkeztu arte emango. Gainera, sariak eta egutegiko argazkiak esleitzerakoan parekidetasuna errespetatuko dela zehaztu du udalak.