Etorbidearen zubia ireki, bi polizia kontrol ezartzeko
Irekia dago Etorbidearen zubia bi urteren ondoren. Dena den, Hendaiara iristean poliziaren auto bat dago eta Santiago zubian ere kontrola ezarri dute.
2021. urtearen hasieran iragarri zuen Pirinio Atlantikoetako prefekturak Etorbidearen zubia hesituko zuela, Hego Euskal Herriarekin dituen beste zortzi mugetan egin bezala. Gaurko zegoen deitua Etorbidearen zubiaren irekiera baina atzo kendu zituzten hesiak.
Dena den, gaur eman dute besarkada Irun, Hondarribi eta Hendaiako alkateek, antolatutako ekitaldi instituzionalean. Jose Antonio Santano Irungo alkatea “pozik” agertu da eta eskerrak eman dizkio herritarrei. Era berean, oroitu du hiru udaletxeak “lan eta borroka” egin dutela, baina “gakoa herritarren indarra” izan dela esan du.
Santano: Eskerrak eman nahi dizkiet herritarrei eta haiei balioa eman. Hiru udaletxeek ere lan eta borroka egin dugu hiru urte hauetan, jende askorekin hitz egin dugu: Espainiako eta Frantziako Gobernuekin, Arartekoarekin, zeinak Europara eraman zuen gaia. Uste dut gakoa herritarren indarra izan dela.
Enparan: Espero dugu erabileraren bitartez herritarrek bizitzea zubi hau eta ea arrazoizkoa den heinean beti irekia mantentzen den elkarkidetzarako. Sinadurak jaso zituzten hendaiarrek guk beharra geneukanean. Zubi hau izan zen hain justu, eta uste dut memorian gorde behar dugula, memoriarako elkarkidetzarako zubia eta espero dezagun.
David Nuño, Elkarrekin Irungo bozeramailea: Nabarmendu nahi dut lehen irudia polizia-furgoiak izan dira. Ildo horretan, hesi fisikoa desagertu egin da, baina neurri edulkoratua da. Jendeak aurrera egin dezake, baina jendarmeekin eta ondo armatutako militarrekin topo egingo dute.
Irungo EH Bildu: Irun eta Hendaia lotzen dituen Etorbidea zubiaren irekiera ospatzen dugu gaurkoan. Izan ere, Bidasoko biztanleontzako elkargunea den espazio hau berreskuratzen dugun bitartean, kontrol arrazistek bertan jarraituko dute, herri hau zeharkatu nahi dutenen bizitzak oztopatuz. Irun-Hendaiako pasabideak ezin du EBko kanpo-muga gisa funtzionatu. Pertsona guztientzat irekitzea eskatzen dugu, eta giza eskubideak errespetatzeko irizpideen arabera funtzionatzea. Bitartean, Harrera Herria izaten jarraituko dugu.