Osasun arreta jasotzeko "desberdintasun larria" salatu du Osasun Bidasoak
Diagnostikoak larri atzeratzen ari direla ohartarazi du plataformak, eta profesionalen falta ere salatu dute. Azarorako bost mobilizazio deitu dituzte.
Agerraldia egin du gaur 40 erakunde biltzen dituen Osasun Bidasoa herri plataformak eta salatu dute diagnostikoetan atzerapen larriak izaten ari direla, egunetik egunera luzeagoak direlako kontsulta espezializatuetarako eta proba diagnostikoetarako itxaron zerrendak.
Lehen arretaren eta Bidasoko ospitalearen egoerez mintzatu dira gaurkoan, eta azaroan zehar bost mobilizazio antolatu dituzte:
- Azaroak 2, osteguna, 14:00etan: Dunboako anbulatorioa.
- Azaroak 9, osteguna, 14:00etan: Irun erdiguneko anbulatorioa.
- Azaroak 16, osteguna, 14:00etan: Hondarribiko anbulatorioa.
- Azaroak 23, osteguna, 14:00etan: Bidasoa Eskualdeko Ospitalea.
- Abenduak 2, larunbata, 12:00etan: Irungo Zabaltza plazan.
Itxaron zerrenda luzeak
Osasun profesionalei aldian-aldian emandako datuetan oinarrituta, itxaron zerrendak “amaigabeak” direla ondorioztatu du plataformak. Zailtasunak handitu egin dira arreta espezializatuko kontsultetara iristeko, baita proba diagnostikoak egiteko ere.
Izan ere, proba diagnostikoak egiteko familia medikuaren kontsultatik bideratzen dituzte pazienteak urologia, errehabilitazioko edo minaren unitatera eta ezin dituztela normaltasunez bidali deitoratu dute. Hori gutxi ez, eta minaren unitatea itxita dagoela adierazi dute kideek. “Anestesista falta dugu ere. Beti anestesista bat gutxiagorekin gabiltza lanean eta orain bi izango dira, horietako batek baja hartu behar duelako”.
Itxaron zerrenda luzeena traumatologiako kontsultetarako da: 186 egun (6 hilabete); otorrinorako 152 egunekoa da (5 hilabete); ekografia baterako 230 egunekoa (8 hilabete); eta 2 hilabetetik gorakoa gastroskopia, kolonoskopia edo TAC baterako. Iazko martxotik hona, ekografiak 172 egunez luzatu dira; otorrinoak 138 egunez eta traumatologia 57 egunez. Biribilduz, 2022ko martxotik, pandemia kontrolpean zegoenetik, itxaron zerrendak 8 espezialitate eta 3 proba diagnostikotan handitu dira.
Horrez gain, ez dira hitzordurik ematen ari urologiarako, errehabilitaziorako eta anestesiarako. Hala, ohartarazi dute diagnostikoak “larri” atzeratzen ari direla eta horrek ekitate falta lotsagarria dakarrela.
Egoera honek herritarrak osasun sistema pribatura bideratzen dituela salatu dute “osasun publikoaren defizitak arintzeko”, baina hori batzuen aukera da soilik. Egoera honek “desberdintasun larriak” sortzen dituela herritarren artean ohartarazi dute. Ildo horretan, oftalmologiara sartzeko itxaron zerrenda “hobetu” egin dela diote, Donostiako klinika pribatu bati kataratetako 250 ebakuntza saldu dituztelako. Plataformako kideek salatu dute ez dakitela zein den operazio horiek saltzeko egindako hitzarmena.
Gaur gaurko egoera ezin zaiola pandemiari egotzi salatu du plataformak. “Uste dugu hornidura historiko eskasa dela, bai azpiegiturei dagokienez (ospitalea eta anbulatorioak), bai profesionalei dagokienez”.
Defizit kronikoa dela gertatzen ari dena diote eta horri baliabideen kudeaketa “txarra” gehitu behar zaiola. Kudeaketa kaskarraren ondorio nagusia osasun profesionalak Bidasotik beste eskualdeetara joatea, beste autonomia erkidegoetara edo osasun pribatura dela diote ,”lan baldintza hobeak lortzeko”.
Bidasoako Erakunde Sanitario Integratuak (ESI), gainera, egoera okertu zenetik hiru gerente izan dituela deitoratu dute, eta orain dagoena oso langile gutxik ezagutu dutela diote, “jantokian bazkaltzen dutenek ezagutu dute. Antza, bertara joaten da, baina bertaratzen ez garenok ez dugu haren berri”. Ospitaleko obren gainean kudeaketetan agintzeko konpromisorik ez duenaren susmoa mahai gaineratu dute ere plataformako kideek.
Horregatik, herri plataformak ez du zitarik lortu gerente berriarekin elkartzeko eta hori herritarren eskubidea urratzea dela diote. “Erantzun falta horrek Osakidetzaren araudia bera urratzen du, herritarrek eskubidea baitute Euskadiko osasun-sistemaren jardueretan aktiboki, zuzenean edo ordezkatzen dituzten erakundeen bidez parte hartzeko”. Aurreko gerenteak adierazitako gutxiespen berbera jaso duela herri plataformak ere salatu dute.
Erreklamazioak
Herri plataformak hainbat erreklamazio egin ditu. Hona hemen, hitzez hitz:
- Osasun sailburuak profesionalekin, tokiko erakundeekin eta herritarren ordezkariekin elkarrizketatzeko konpromisoa betetzea eskatzen dugu. Herritarrei eta eragindako profesionalei entzuteak egoera hobetzea ahalbidetuko luke, errealitatea ezagututa.
- Espezialistekin kontsultetarako eta proba osagarrietarako itxaron zerrendak murriztea eskatzen dugu. Premiazkoak ez direnak 60 eguneko epea eta lehentasunezkoak 15 eguneko epea ez lukete inola ere gainditu behar.
- Profesional gehiago baldintza duinetan kontratatzea eskatzen dugu, kontratu egonkorrekin, eta lanpostu hutsak eta absentziak betetzea, lan-karga onargarria izan dadin.
- Kalitatezko arreta ahalbidetuko duen osasun azpiegituretan inbertitzea eskatzen dugu. Ebakuntza gelak ospitaleko eraikin erantsi batean, hirugarren anbulatorioa Oinaurren, eta Irun erdialdea eta Dunboa anbulatorioetako birmoldaketa.
- Azaroak 2, osteguna, 14:00etan: Dunboako anbulatorioa.
- Azaroak 9, osteguna, 14:00etan: Irun erdiguneko anbulatorioa.
- Azaroak 16, osteguna, 14:00etan: Hondarribiko anbulatorioa.
- Azaroak 23, osteguna, 14:00etan: Bidasoa Eskualdeko Ospitalea.
- Abenduak 2, larunbata, 12:00etan: Irungo Zabaltza plazan.