Udako trafiko neurriek "funtzionamendu ona" izan dute
2022ko udako datuekin alderatuta, aurtengoan 24.000 ibilgailu gutxiago sartu dira hirian, hartu diren neurriengatik.
Aurten ez da, iaz eta aurreko urteetan bezala, Irunen trafiko kolapso nabarmenik izan udan. Hala adierazi dute dispositibo horren diseinuan eta egikaritzean parte hartu duten Gipuzkoako Foru Aldundiko Bide Azpiegituretako Departamentuak, Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak, nahiz Irungo eta Hondarribiko udalek. Gaur aurkeztu dute lau erakundeek balorazio bateratua. “Trafikoen datuek proposatutako neurrien funtzionamendu ona berretsi dute”, azaldu dute.
Datuetan oinarritu dira baikortasun mezua zabaltzeko. Hala, adierazi dute trafiko gorakada izan dela A-8ko Irungo ordainlekuak, %9,4koa zehazki. Autobidetik Irunera iritsi diren autoen kopurua, ordea, jaitsi egin da 2022ko datuekin alderatuta: Irun mendebaldeko sarreran %6 murriztu da ibilgailuen kopurua, eta Irun-Kateako sarreran, berriz, %16,5an. “Ibilgailuen fluxuen datuek argi erakusten dute, trafikoak oro har gora egin duen arren, sasoiko trafikoak ez duela Irun zeharkatu, eta autobidea aukeratu dela iaz baino %9,4 gehiagoan”, zehaztu du Maria Ubarretxena foru diputatuak.
Hori ehunekoetatik datu orokorretara eramanda, aurtengo udan iazkoan baino 24.000 ibilgailu gutxiago sortu dira hirian. Horren ondorioz, ez dira trafiko arazo handiak sortu hirian. Aldi berean, Biriatuko ordainlekuan izandako auto-ilarak %33an lausotu direla azaldu du Ubarretxenak.