Eguzkik habitat naturala berreskuratzea eskatu du Pasquier Recondo eremuan
Inguru horretan etxebizitzak ez eraikitzeko aldaketa klimatikoarekin lotutako nahikoa arrazoi daudela dio talde ekologistak. Eremuaren gaineko eztabaida irekitzea eskatu dute.
Azken Portun dagoen Pasquier Recondo lursailan egingo den proiektuaren eztabaida pil-pilean dagon oraintxe. Esaterako, EAJk etxeak ez ezik, “berdegune gehiago” galdegin zituen. Gainera, Irungo Udalak hitzarmena dauka sinatuta 200 etxebizitza eraikitzeko bertan eta jeltzaleek 100 etxebizitza izan daitezela eskatu zuten ere.
Eguzki talde ekologistak hitz egin du oraingoan eta eztabaida irekitzea izan da haien lehen eskaera. “Ongi legoke eztabaida irekia izango balitz, a priori baztertu gabe zementuaren, adreiluaren eta asfaltoaren azalera kontsumitzeko eta handitzeko proiektuekin talka egiten duten proposamenak, habitat naturalaren kaltetan”. Izan ere, gizakiena ere badela habitat naturala gogoratu dute eta osasuntsu bizitzearen beharra nabarmendu.
EAJren proposamena aztertu dute eta txalotu egin dute enpresarekin “lurrak trukatzeko aukera”. Eguzkiren esanetan argi dago eremuaren leku guztietan eraiki daitekeela, baina alderaketa egin dute azpimarra jarriz zaharberritzea badiaren eremuan bakarrik egin daitekeela.
Inguru hori bere eremu naturalera itzultzeko ikerketa abia zezaten eskaera egin ziotela udalari oroitu du Eguzkik, “ingurumena leheneratuz eta Natura 2000 Sarearen babes-eremuan integratuz”. Natura 2000 Sarean eremu horren diagnostiko dokumentua dago jasota eta estuarioaren berezko habitatak ez daudela “behar bezala ordezkatuta” ondoriozta daiteke. Horren aurrean, dokumentuan ahal den tokian estuarioa zabaltzeko eskatzen dela azaldu du Eguzkik.
Pasquier Recondo ingurua “urak har dezaken eremu” gisa identifikatzen dela Eusko Jaurlaritzaren dokumentuetan ere adierazi du talde ekologistak. Horrez gain, eragin negatiboak eta zuzenak izango dituen espazio gisa ere katalogatuta dago “berotze globalaren ondorioz itsas maila igoko dela aurreikusten baita”. Arrazoi horiek nahikoak behar luketela bertan etxebizitzak eraikitzea baztertzeko uste du taldeak.
Bestalde, Eusko Jaurlaritza Bidasoa ibaiko irletako lurrak erosteko izapideak egiten ari dela esan du Eguzkik eta horren gaineko “informazio positiboa” iritsi zaiela baieztatu dute. Irla horiek oraindik ingurumen ikuspuntutik lehengoratu gabe daudela diote ekologistek, 1994. urtetik, hain zuzen ere, eta Jaurlaritzak adierazi zuen ia 30 milioi euro inbertituko zituela horretarako. “Dirudienez kontua ez da diru funtsen falta, baina bai lehentasun falta”.
Ingurumena lehengoratzea “tokiko eskumen eta interesetatik haratago” dagoela dio Eguzkik, “hala nola biodibertsitatearen galera iraultzeko gai globalez eta bizi dugun krisi klimatikoaren aurrean eragin negatibo handiagoak saihesteko neurriez”, zehaztu dute.
Alor horretan konpromisoa galdegin diote administrazio publikoei: “Herritar bakoitzak, ingurumena zaindu eta hobetzeko bere harri-koskorra eman dezakeen eta eman behar duen bezala, nola ez du edozein administrazio publikok konpromiso hori hartuko, hurbilen dagoen administraziotik hasita, udala den bezala?”.