Lehen urteurrena bete du San Migel konpainiak
Lehen desfilean parte hartu zuten 209 kideei eskerrak eman zizkieten. "Aire aldaketak" dabiltzala-eta, Irungo bizilagunak haiek egin bezala "ekimen propioak" egitera bultzatu dituzte.
Lehen agerraldia egin zuen egun berean egin du agerraldia aurtengoan ere San Migel konpainiak, “pozez eta zorionez”. Izan ere, prentsaurrekoa proiektua aurrera atera denaren seinalea dela diote, eta sorrera bera eta alardearen parte izatea “polita” izan dela gogoratu dute.
Sinisten den horretan lan egitean “merezi” duela diote, baita lanak eta esfortzuak balio dutela ere, “are gehiago hurrengo generazioei ateak irekitzen dizkiozunean eta beste emakume batzuek utzi dizkiguten pausuak jarraitzen dituzunean”.
Duela urtebete “urduritasuna” zela nagusi dute gogoan: “ez genekien nola aterako zen, ez genekien zenbat pertsona izango ginen, ez genuen esperientziarik, berriak ginen guzti honetan”. Dena den, auzoak bere konpainia propioa edukitzeko garaia zela argi zutela diote eta xedea ere garbia zutela diote: “gure jaietan desfilatzea lortzea parekidetasuna defendatzen duten konpainia horien ondoan”.
Haien etorkizuna “bizitzen ari garen aire aldaketen” erakusle dela uste dute, “eta etorkizun horren parte izan nahi” dute. Bide horretan, gogoratu dute Santiago konpainia 2014an sortu zela eta San Migel 2023an, eta haize berri honi segika Irungo bizilagunak haien auzoetan ekimen propioak eratzera bultzatu dituzte.
Eskerrak eman dizkiete aurten konpainian parte hartu duten 209 kideei. “San Migel auzoak baduela aldaketarako gogoa erakutsi dugu, baita ez dela uste genuen auzo hori ere”. Ekainaren 30an “aniztasuna” islatu zutela diote: “ze ondo horrela izan zela. Eta, gehienbat, ze ondo horrela izaten jarraituko duela”.
Azkenik, eskerrak eman dizkiete ere alarde parekidearen batzordeari “lehen momentutik babesa erakusteagatik erabaki guztiekin”. Kalean txalotzen egon zirenak ere eskertu dituzte, “zuengatik hemen jarraitzen dugu”. Hurrengo urtera begira aurtengoa hobetuko dutelakoan agertu dira.