Hondakin organikoen tarifak %5 egingo du gora eta urarenak %7,5
Organikoaren tarifa hilean 0,57 euro igoko da, eta urarenak hilean 1,90 euro gehiago kostatuko du. Igoeraren arrazoien artean Txinzerren inbertsio ahalmena berreskuratzea dago.
2024rako hondakin eta ur tarifak zeintzuk izango diren ezarri ditu Txingudiko Zerbitzu Mankomunitateko Batzarrak. 2024an goraka egingo dute tarifek eta igoeraren helburua “erakundearen inbertsio-ahalmena berreskuratzea, jardunbide iraunkorrak sustatzea eta Europar Batasunak ezarritako ingurumen helburuak betetzea” dela azaldu dute.
Aldiz, tarifa igoeraren arrazoia “hainbat alorretan izan den prezio gorakada orokortua” dela diote, esaterako, gasolioarena, energiarena, materialena, kontratu berrien eta lan kostuen hornidurarena.
Igoera, hondakin organikoan eta uran
Materia organikoa bereizten duten familiek %5eko igoera (0,57 euro hilean) izango dute haien tarifan, 2017tik lehen aldiz. Materia organikoa bereizten ez duten etxeetan igoera, berriz, %10ekoa izango da aurreko urtearekiko. Tarifaren handitzearekin edukiontzi marroiaren erabilera sustatu nahi dutela adierazi du Txinzerrek.
Organikoa birziklatzen eta birziklatzen ez dutenen arteko urteko ordainagiriaren aldea 102,98 eurokoa izango da 2024an. Era horretan, lehen aldia izango da 100 euroko aldea gaindituko dela organikoaren birziklatzaileen eta ez direnen artean. Tarifaren igoerak etorkizunera begira mesede egingo diela organikoa bereizten dutenei azaldu dute, “neurri horiek funtsezkoak baitira 2030erako birziklatzearen %70eko helburua lortzeko”.
Etxekoak ez diren abonatuen eta sortzaile handien kasuan tasa %10 handituko da eta azaldu dute harpidedun guztiei tasa linealki igo izan bazieten, %8,67 gehituko litzaiekeela denei.
Uraren tarifa igotzera “behartuta” daudela adierazi dute eta igoera %7,5ekoa izango da, hilean 1,90 euroko igoera batez besteko kontsumoa duen familia batentzat. Gogoratu dute 2018tik tasak %3,31 igo direla eta gaineratu dute aldi horretan KPI %18 igo dela ere. “Oinarrizko zerbitzuek inbertsio beharra dute, eta hemendik 25 urtera behar bezala funtzionatuko duten zerbitzuak izateko egoera kritikoan geunden”.
2024ko tarifen igoerarekin inbertsio ahalmena %17,5 igoko dela aurreikusi dute, 2023koarekin alderatuta. Hartara, P2025 Inbertsio Planean planifikatutako inbertsio jarduketekin jarraitu eta azpiegiturak mantendu ahalko dute, hala nola, ekaitz tanke batzuk, uholdeak minimizatzeko eta lehen prezipitazioetan ibaietara egiten diren isurketak murriztu, ibaietako ur-masak hobetu eta, horrela, klima aldaketara egokitzeko.
Gipuzkoako Hondakinen Kontsorziorako ordezkariak
Batzar horretan Txinzerreko ordezkariak izendatu dituzte Gipuzkoako Hondakinen Kontsorziorako (GHK): Borja Olazabal Toro, Gorka Alvarez Aranburu eta Ortzi Alonso Murelaga. Horrez gain, GHKrekin sinatu beharreko hitzarmen proposamena onartu dute, hondakinak garraiatzeko zerbitzuen gomendiorako hondakinak transferitzeko puntuak zehazteari dagokiona. Hitzarmen horrek, azaldu dutenez 390.312 euroko diru sarrera sortuko duela aurreikusi dute.