Txingudiko taldeak, sasoiko lehen garaipenaren bila
Txingudi Errugbiko taldeek Plaiaunditik kanpo borrokatu beharko dituzte denboraldiko lehen garaipenak larunbatean. Emakumeen talde nagusiak Eibarren jokatuko du, eta gizonenak, Lasarten.
Txingudi Errugbiko taldeek Plaiaunditik kanpo borrokatu beharko dituzte denboraldiko lehen garaipenak. Emakumeen lehen taldeak Eibarren jokatuko du larunbatean Arrasate-Eibar taldearen aurka, 11:30ean. Euskal Ligan lehiatzen ari den taldeak goiko postuen lehian egon nahi du, eta, horretarako, funtsezkoa da haientzat puntuak pilatzen hastea. Garaipena lortzeko helburuarekin doazela nabarmendu du Asier Gonzalez prestatzaileak: “Liga ondo hasi dugu, hobekuntza handiak egiten ari gara denbora laburrean eta ikasten ari garena gure jokoan aplikatuz. Garaipenak eta puntuak iritsiko dira eta asteburu honetan aukera polita dugu horretarako”.
Bidasoarren aurkaria seigarren da Euskal Ligako sailkapenean bost punturekin. Txingudik, aldiz, puntu bakarra erdietsi du orain artean jokatutako bi partidetan, eta garaipena lortuz gero, goiko postuetara hurbiltzen hasteko aukera izango lukete.
Bestalde, gizonen talde nagusiak Lasarten jokatuko du larunbatean Zarautz B-Beltzak taldearen kontra, 15:00etan. Iñigo Camareroren mutilek ezin izan zuten iragan jardunaldiko partida jokatu Arratiko Zekorrak taldea ez baitzen Plaiaundira bertaratu. Kirol diziplina komiteak neurketa irabazitzat eman dio Txingudiri, hortaz, bost puntuak lortu dituzte eta bosgarren postuan kokatu dira Euskadiko Gizonen Erregional Bigarren Mailako sailkapenean.
Txingudik Lasarten jokatu zuen azken partida irabazi zuen, baina defentsan ez ziren fin ibili. Larunbatean ondo egin beharko dituzte gauzak neurketa poltsikoratzeko. Lasartearrak eta bidasoarrak berdinduta daude sailkapenean.
Harrobia ere lehian
18 urtez azpiko taldeak Ordizian jokatuko du larunbatean etxeko taldearen aurka, 15:00etan. Bestalde, 16 urtez azpikoek ligako debuta egingo dute larunbatean Getxon Getxoko bigarren taldearen aurka, 15:00etan. Bi taldeak sasoiko lehen garaipena lortzeko helburuarekin zelairatuko dira.
Plaiaundin partida bakarra jokatuko da asteburuan. 14 urtez azpiko taldeak Gipuzkoako Errugbi Zazpiko Txapelketako jardunaldia jokatuko du 16:00etatik aurrera. Bidasoarrek Eibar-Mutriku, Ordizia eta Bera Bera taldeekin neurtuko dituzte indarrak.
Errugbi eskolako taldeak ere lehian arituko dira Mutrikun aurtengo lehen topaketa egiteko. Igandean zelairatuko dira, 10:30etik aurrera, eta Eibar-Mutriku, Arrasate-Soraluze eta Zarautz-Beltzak taldeak izango dituzte arerio.
Aritz Arrieta
16 urtez azpiko Euskal Selekzioarern prestaketak aurrera darrai, eta Aritz Arrieta jokalari irundarra deitua izan da. Euskal selekzioak azaroan jokatuko du Espainiako Autonomien selekzioen arteko txapelketaren lehenengo jardunaldia.
Munduko Kopako finalerdiak, Txingudi Errugbi Tabernan
Bihar eta etzi Errugbiko Munduko Txapelketako finalerdiak jokatuko dira Parisen. Argentinak Zeelanda Berriaren aurka jokatuko du, eta bigarren finalerdia Ingalaterrak eta Hegoafrikak lehiatuko dute. Partida horiek Txingudi Errugbi Tabernan ikusi ahal izango dira bi egunetan, 21:00etatik aurrera.