Talentua, Irun Open Innovation jardunaldiaren ardatza
Irungo Udalak Irun Open Innovation jardunaldiaren zortzigarren ekitaldia antolatu du azaroaren 9rako, Ficoban, 09:30etik 14:00etara. Hitzaldiak eta mahai inguruak egingo dira hainbat aditurekin.
Irungo Udalak, Irun Ekintzan Garapen Ekonomikorako eta Enplegurako Itunaren bidez, Irun Open Innovation jardunaldiaren zortzigarren ekitaldia antolatu du azaroaren 9rako, osteguna, Ficoban, 09:30etik 14:00etara. Topaketa hori enpresa munduan berrikuntzan oinarritutako “esperientzia arrakastatsuak” elkarrekin ikusteko aukera ematen duen hitzaldien jardunaldi bat da. Interesdunek ere online jarraitu ahal izango dute topaketa.
Ficobara bertaratzen diren enpresari txiki eta ertainek lehen mailako profesionalen ezaupide eta analisiak entzuteko aukera izango dutela nabarmendu du udalak, ondoren ideia eta gomendio horiek nork bere enpresan aplikatzeko. Izen-emateak irekita daude jada, doakoak dira, eta udalaren webgunetik egin behar dira.
Udalak adierazi du Irun Open Innovation jardunaldien helburua dela “kultura berritzailea sustatzea eta hiriko ehuna modernizatzea, esparru guztietan berrikuntza bultzatuz”. Horrez gain, mota horretako ekitaldien bidez, bertako enpresen “berritzeko gaitasuna” erakutsi nahi dela zehaztu du udal erakundeak.
Talentua ardatz
Zortzigarren ekitaldiko ardatz nagusia “talentuaren kudeaketa” izango dela jakinarazi du udalak, “berrikuntza irekiaren ikuspegitik helduta eta garapen jasangarrirako helburuekin bat etorrita”. Topaketan lidergo tekniketan eta talentuaren kudeaketan esperientzia duten adituek parte hartuko dutela aurreratu du udal erakundeak. Partaide horiek nazioarteko esperientziei buruzko lekukotasunak emango dituzte, talentua erakarri eta kudeatzearen gainean duten ikuskera azaltzeko.
Hitzaldiak
Irun Open Innovation jardunaldian bi hitzaldi egingo dituzte. Lehena Eva Asensio Errioxako Nazioarteko Unibertsitateko Enpresa eta Komunikazio Fakultateko dekanordeak emango du. Asensiok talentuaren kudeaketari buruzko azalpen bat emango du irakaskuntzaren ikuspegitik, enpresa eta unibertsitate mundua uztartuta.
Ondoren, Odysseas Spyroglou aholkulari greziarraren txanda izango da, eta nazioarteko ikuskeraren inguruan mintzatuko da. Spyroglou ekintzailetzan eta berrikuntzan espezialista da, eta enpresa txiki eta ertainen esparruan talentua kudeatzeko joera berriei buruzko gakoak emango ditu.
Mahai inguruak
Ficoban gauzatuko den jardunaldiak ere bi mahai inguru jasoko ditu, enpresa munduko adituak bilduko dituztenak. Lehena ahalduntzearen eta autokonfiantzaren bidez profesional gisa hazteari buruzkoa izango da. Eva Asensio izango da moderatzailea, eta Sofya Abramchuk, Eva Diaz eta Leire de Guevarak hartuko dute parte.
Bigarrenean, aldiz, bost profesionalek berrikuntzaren eta talentuaren kudeaketaren arteko harremanari helduko diote. Hona parte hartzaileak: Carme Castro, Paula Vergara, Patricia Buendia, Leire Aranzasti eta Xabier Olaizola.