EAJk uraren tarifikazio ereduen azterketa egitea proposatu du
Bihar Txingudiko Uren Mankomunitatearen Ohiko Batzarra egingo da, eta hiriko EAJk proposatu du uraren kontsumoaren tarifak ezartzeko beste eredu batzuk aztertzea.
Bihar, hilak 20, Txingudiko Uren Mankomunitatearen Ohiko Batzarra egingo da, eta bilkura horretan hiri hondakinen kudeaketaren eta ur horniduraren tarifak arautzen dituzten ordenantzak mahai gainean jarri eta onartuko dira.
Irungo EAJk gogorarazi du 2021az geroztik uraren horniduraren, saneamenduaren eta uraren ziklo integralari dagokion zerbitzuen tarifa izoztua dagoela. Orain, baina, Jose Antonio Santano presidentearen eta Igor Enparan presidenteordearen artean hartutako akordioaren ondorioz, hiritarrek %7,5 gehiago ordaindu beharko dutela jakinarazi du alderdi jeltzaleak.
EAJk dio igoera hori ez dela “isolatua”, eta tasa eta prezio publikoetan proposatutako gainerako igoerei gehitzen zaiola. Era berean, jeltzaleek argi dute zerbitzuko kostuak igo egin direla eta “inbertsio garrantzitsuak” egin beharko direla datozen urteetan, eta inbertsio horiei “lehenbailehen” ekin behar zaiela. Esaterako: uraren biltegiratzearekin erlazionatutakoak, hornidurarekin, saneamenduarekin eta klima aldaketaren aurrean beharrezkoak diren azpiegitura berriekin lotutako inbertsioak.
Hala ere, alderdi jeltzaleak nabarmendu du ura “ondasun urria” dela eta bere kontsumoak “arduratsua” izan behar duela. Horregatik guztiagatik, EAJk “2024ko tarifa igoera horren aldeko botoa” emango du, “baldin eta Txinzerreko zuzendaritzak konpromisoa hartzen badu uraren kontsumoaren tarifak ezartzeko beste eredu batzuk aztertzea”. Horrela, horren erabilera “arrazionalagoa” sustatuko litzatekeela ziur dira jeltzaleak.
Bestalde, hiriko EAJk dio beste konpromisoetako batek izan behar duela RGIa edo Bizitzeko Gutxieneko Diru Sarrera jasoz gero, uraren ordainagirian kuota “%50 murriztua” mantendu behar dela. EAJren proposamena da “etxeetan, jarduera ekonomikoetan eta industrian uraren kontsumoan oinarritutako tarifa eredu batzuk aztertzea, ondoren Txinzerren Batzarrean baloratu eta aztertu ahal izateko eta epe labur-ertainean tarifa eredu berri bat ezartzeko aukera izateko, dagozkion hobariekin”.