Bidasoak eta Real Unionek bat egin dute Begisareren kanpainarekin
Elkarte horrek erretinako distrofia hereditarioak dituzten pertsonak eta ikusmen eta itsutasuna eragiten duten beste gaixotasun batzuk dituzten pertsonak artatzen ditu. Bi taldeek jarduerak gauzatuko dituzte asteburuko partidetan elkartearen lana ikusarazteko.
Bidasoa Irunek eta Real Unionek bat egin dute Retina Gipuzkoa Begisare elkartearen sentsibilizazio kanpainarekin. Iniziatiba hori azken egunetan gauzatzen ari dira, Ikuspenaren Munduko Egunaren harira. Egun hori urriaren 12an ospatzen da urtero. Retina Gipuzkoa Begisare elkarteak erretinako distrofia hereditarioak dituzten pertsonekin eta ikusmen eta itsutasuna eragiten duten beste gaixotasun batzuk dituzten pertsonekin egiten dute lan.
Bidasoako Jakub Skrzyniarz eta Tito Diaz jokalariek eta Real Unioneko Joseca Marquez jokalariak Irungo udaletxearen aurrean argazkia atera dute kanpainari babesa emateko mezuekin.
Bidasoa Irunek larunbatean jokatuko du Artalekun Viveros Herol BM Navaren aurka, 17:30ean, eta honakoak gauzatuko ditu kanpainari babesa emateko:
- Retina Gipuzkoa Begisare elkartea Artalekuko pabiloian izango da urtero egiten duten lanaren berri emateko.
- Partidako atsedenaldian zenbait jolas egingo dira, behe ikusmenera bideratuta.
Real Unionek, aldiz, igandean jokatuko du Galen Ponferradinaren kontra, 16:00etan. Honakoak egingo dituzte txuri-beltzek kanpainara atxikitzeko:
- Retina Gipuzkoa Begisare elkartea Artalekuko pabiloian izango da urtero egiten duten lanaren berri emateko.
- Neurketako atsedenaldian elkarteko kideek eta Real Unioneko Administrazio Kontseiluko kideek argazkia aterako dute, erakundearen lana ikusarazteko eta babesteko.
Ekimen horiez gain, Artalekuko eta Galeko bulegoetan ‘Ikusmen Murriztua Dut – Hemen kontuan dugu’ ikurra duten pegatinak daude jarrita. Bi talde irundarrek “bereizgarri horrek duen garrantziaz kontzientziatuko dituzte herritarrak, arazo horiek dituzten pertsonei lagunduz eta Artaleku eta Gal ikusmen gutxiko pertsonen leku integratzaileak direla adieraziz”.