Elkarrekin Irunek mozio bat erregistratu du Israel eta Palestinaren arteko gerraren harira
Gainontzeko alderdiekin mozioa negoziatzeko prest agertu da koalizioa. Eskakizunetako bat udaletxean Palestinako bandera jartzea da, Ukrainiakoa orain dagoen bezala.
Mozio bat erregistratu dute Elkarrekin Irunek, Podemos, Ezker Anitza-IU eta Aliantza Berdea koalizioak Israeli exijitzeko “berehala utz dezala bertan behera biztanleria zibilaren aurkako indarkeria indiskriminatua eta errespeta ditzala nazioarteko legedia eta NBEren ebazpenak”.
Mozio hau Eusko Legebiltzarrean aurrera atera ez zen adierazpen instituzionaletik abiatu dela adierazi du koalizioak, hain zuzen, EAJk, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek adostutakoa. Orain, Irunen, mozio hau negoziatzeko, adosteko eta sinatzeko proposamena luzatu die David Nuño koalizioko bozeramaileak gainontzeko alderdiei.
Erregistratutako dokumentuan gogor gaitzetsi dute Hamasek egindako “eraso bortitza” eta, bide horretan, Israelek palestinarren kontra egindako erasoak eta gerra ere. “Eraso onartezina” izan dela diote. Era berean, biztanleria zibilaren aurkako indarkeria “indiskriminatua” eta bahitutako pertsona guzien askatasuna eskatu dituzte.
NBEren ebazpenak errespetatzea galdegin diote Israelgo Estatuari eta “indarkeria erabiltzen duten taldeei”, uste baitute horrela “aldebiko eraso horiek biktima guztien giza eskubideak” errespetatzen direla.
Espainiako gobernuari eta Europar Batasunari ere zuzendu zaie eta beraien esku dauden “mekanismo guztiak aktibatzeko” deia egin diete, “eskualdean gatazka areagotzea eta bizitza errugabe gehiago galtzea saihesteko, eskualdeko bakearen, segurtasunaren eta egonkortasunaren aldeko konpromiso sendo batean”.
Koalizioak baztertu egin du Palestina eta Israelen arteko konponbidearen ikuspegia urruntzen duten “alde bakarreko neurri guztiak”. Izan ere, erantzun bakarrak ez du bi herrialdeen “asmo nazionalei” erantzuten ez eta bakerako eta segurtasunerako funtsezko elementuak ematen ere.
Azkenik, Palestinako bandera gerrarik ez leloarekin udaletxeko fatxadan jartzea eskatu dute, “Ukrainako inbasioarekin egin zen bezala”.