Hipoteken gastuak hizpide izango ditu Acubik
Bidasoko kontsumitzaile eta erabiltzaileen elkarteak hipoteken gastuen inguruko hitzaldi informatibo bat antolatu du hilaren 25erako, 18:00etan, Palmera Monteron.
Acubi Bidasoko kontsumitzaile eta erabiltzaileen elkartea da, eta hipoteken gastuen inguruko hitzaldi informatibo bat antolatu du hilaren 25erako, 18:00etan, Palmera Montero Guneko bigarren aretoan. Acubik jakinarazi du azken hilabeteetan kontsumitzaile asko hurbildu direla haien bulegoetara hipotekak formalizatzeko gastuak itzultzeko eskatzeko beren banketxeetara erreklamazio bat aurkeztera.
Acubik adierazi du hipoteka eratzeko gastuak eta horiek kontsumitzaile-bezeroaren eta banketxearen artean banatzeak, azken urteotan “prozesu judizial asko” eragin dituela. Auzitegi Gorenak gastu horiek banku erakundeak ordaindu behar dituela erabaki zuela jakinarazi du Acubik.
Hilaren 25eko saioan gastu horiek erreklamatu ahal izateko prozesua azalduko diete kontsumitzaileei; izan ere, kontsumitzaileek notariotzako gastuaren %50a eta tasazioaren, gestoriaren eta erregistroaren %100a itzultzeko eta faktura bakoitzaren interesak itzultzeko eskubidea dutela nabarmendu dute, kontsumitzaileak ordaindu zituenetik banketxeak itzuli arte.
Era berean, hitzaldi horretan erreklamazio prozedurarekin jarraitzeko urratsak emango dituztela azaldu dute.