'La Novia de España', hilaren 27an Amaia KZn
Obrak Luis Mariano Irungo tenorearen bizitza kontatzen du. Emanaldia 20:00etan hasiko da, eta sarrerak salgai daude jada.
Irungo Udaleko Kultura sailak antolatuta, La Novia de España antzezlana ikusi ahal izango da Irunen lehen aldiz. Emanaldia hilaren 27an izango da, Amaia KZn, 20:00etan, gaztelaniaz. Antzezlanaren protagonista Luis Mariano Irungo tenorea da.
Obrak Luis Marianoren bizitza kontatzen du. Udalak adierazi du Gerra Zibilak eta erbesteak markatu zutela bere bizitza, 22 urte zituela, Luis Marianok eta bere familiak Frantziara ihes egin behar izan baitzuten. Frantzian bere ahotsa “arrakastatsua” izan zela baietsi du udal erakundeak, bai musikan baita zineman ere. Carmen Sevilla antzezle eta dantzariarekin hiru pelikula filmatu zituen, eta La Novia de Españak, hein handi batean, bien arteko “harreman estua” islatzen duela jakinarazi dute.
Juan Carlos Rubio zuzendariak antzezlan musikal horren bitartez bi artisten arteko harremana “birsortzen” duela nabarmendu dute. Horrez gain, obrak benetako historia moldatzen duela zehaztu dute, eta “bi artisten arteko harremanaren datu historikoen interpretazio librea” dela gaineratu dute.
La Novia de España Espainiako memoria historikoari eta errepertorio musikalari eskainitako trilogiaren bigarren zatia dela aurreratu dute.
Sarrerak salgai daude jada Amaia KZren webgunean, 20 euroko prezioan. Horrez gain, sarrerak agortzen ez badira, antzokiko leihatilan eskuratu ahal izango dira saioa hasi baino ordubete lehenago.