Gaztearteanfest: J Martina, Nikone edota STR
Urriaren 28an egingo da gazteei begira sortutako festibala Zabaltza plazan. Irun kanpoko artistez gain, etxekoei emango zaie leku, esaterako, Amane Areari.
Gazteartean zerbitzuak bere izena daraman urteroko festibalaren kartela iragarri du gaur. Aurtengoa urriaren 28an egingo da Zabaltza plazan, eta kontzertuez gain, masterclass bat eta dj pintxada bat ere antolatu dituzte. Guztiz doakoa izango da sarrera, inolako gonbidapenik gabe.
Festibal honetan “gorantz doazen tokiko artistak eta dagoeneko ospea lortu dutenak” uztartzen saiatzen direla azaldu dute antolatzaileek, eta bide horretan, festibal hau Gazteria arloaren lan-ildo bat da 2021etik. Ardatz horrekin 16 eta 25 urte bitartekoei proposamen bat eskaini nahi die udalak. Era berean, tokiko artista hasiberriei ere bultzada bat eman nahi zaie txoko bat eskainiz.
Eguna goizean goiz hasiko da Daniela Blasco dantzari profesional eta musikagile hasiberriaren masterclassarekin. Honek 11:00etan hasiko du saioa eta eguna 21:15ean hasiko den kontzertuarekin bukatuko da. Tarte horretan oholtzara igoko dira Eusko Alberdi, Amane Area, STR, DJ Unai Ribera, J Martina eta Nikone. Artista bakoitzaren xehetasunak, lotura honetan.
- 11:00etik 12:30era: Masterclass Daniela Blanco
- 18:15etik 18:30era: Eusko
- 18:30etik 18:45era: Amane Area
- 18:45etik 19:45era: STR
- 19:45etik 20:00era: DJ Unai Ribera
- 20:00etik 21:00era: J Martina
- 21:00etik 21:15era: DJ Unai Ribera
- 21:15etik 22:30era: Nikone