Euskadiko hiru txapelketa bereganatu ditu BATeko harrobiak
Larunbatean kluben arteko 16, 18 eta 20 urtez azpiko mailetako Euskadiko Txapelketak lehiatu ziren Durangon, eta harrobiko taldeak hiru titulurekin itzuli dira etxera.
Larunbatean kluben arteko 16, 18 eta 20 urtez azpiko mailetako Euskadiko Txapelketak lehiatu ziren Durangon, eta Bidasoa Atletiko Taldeko harrobiko taldeak hiru titulurekin itzuli dira etxera. 20 urtez azpiko gizon eta emakumeen taldeak eta 16 urtez azpiko gizonen taldea izendatu dira Euskadiko txapeldun. Jokoan zeuden lau txapelketetatik hiru bereganatu dituzte bidasoarrek, eta harrobiko taldeek erakutsi dute orainaldi eta etorkizun bikaina dutela.
Tituluak bereganatzeko erregulartasuna funtsezkoa izan dela adierazi du klubak. 20 urtez azpiko gizonek lau lehen postu, hiru bigarren eta hirugarren bat lortu zituzten titulua bere egiteko. Lehen postuan sailkatu ziren 45 punturekin. Bigarren Getxo izan zen 42 punturekin, eta hirugarren Reala, 38rekin.
20 urtez azpiko emakumeak gizonen antzera aritu ziren Durangon, bikain. Lau lehen postu, hiru bigarren eta bi hirugarren erdietsi zituzten lehen postuan sailkatzeko. 73 puntu lortuta izan dira txapeldun. Bigarren postuan Reala sailkatu zen 66 punturekin, eta hirugarren Durango Kirol Taldea, 55ekin.
16 urtez azpiko kategorian ere maila aparta erakutsi zuten harrobiko gazteek. Gizonak txapeldun izendatu ziren, eta emakumeak, aldiz, laugarren postuan sailkatu ziren.
Gizonek 59 puntu erdietsi zituzten. Bigarren Tolosa izan zen 48,5 punturekin, eta hirugarren Reala, 46rekin. Emakumeak, ordea, podiumera igotzetik puntu bakarrera geratu ziren. Hirugarren izan zen Tolosak 45 puntu lortu zituen, BATeko emakumeek baino puntu bat gehiago.