Bosgarren garaipena jarraian
Bidasoa Irun olatuaren gainean da, eta atzo bere bertsio onena erakutsi zuen Benidormen partida irabazi eta bi puntuak etxera ekartzeko.
Beste garaipen bat lortu du Bidasoa Irunek, bosgarrena jarraian. Berdin du titular hori noiz irakurri, ohiko bihurtu baitute bidasoarrek irabaztea. Irundarrek Asobal Liga hasiera bikaina osatu dute eta bolada on horri jarraipen eman zioten atzo Benidormen irabazita (24-31). Bidasoaren antzera, Alacanteko taldea galdu gabe zen aurtengo sasoian, baina denboraldiko lehen porrota jasan zuten. Jacobo Cuetararen mutilak olatuaren gainean dira, eta sailkapeneko bigarren postua indartu dute. Sei jardunaldi jokatuta, hamaika puntu dituzte.
Bidasoak bere bertsio onena erakutsi zuen berriro bi puntuak poltsikoratzeko. Gol gutxiko hasieraren ondoren, irundarrek abantaila lortu zuten markagailuan erasoan erakutsitako eraginkortasunari eta defentsako lan onari esker. Lehen zatian soilik zortzi gol jaso zituen Bidasoak, defentsako lan ona agerian utziz. Bi atezainek, Harbaouik eta Skrzyniarzek, partida bikaina jokatu zuten beste behin. 25. minutuan, lau gol aurretik ziren bidasoarrak (8-12), eta hiru goleko azken partzialari esker, neurketa beren alde jarri zuten (8-15). Abantaila argiarekin iritsi ziren atsedenaldira.
Partida alde zutela kantxaratu ziren bigarren zatian, eta abantaila mantentzea lortu zuten. Hamar goleko errenta ere izan zuten une batean, eta nagusitasunez lortu zuten sasoiko bosgarren garaipena jarraian (24-31).
Bidasoarrak larunbatean itzuliko dira Artalekura ligako zazpigarren jardunaldiko partidari ekiteko. Viveros Herol Navaren aurka jokatuko dute, 17:30ean. Bidasoak dinamika onarekin jarraitu nahi du.