[Argazkiekin] Palestinari "zapaltzaileen bakea inposatzea" salatu dute Irunen
Palestinar herriari elkartasuna adierazi diete 200 herritar inguruk Kontseilu Sozialistaren deialdiari erantzunez. Israel estatu terrorista dela eta Europa konplizea gaitzetsi dute.
Iragan asteartean Hego Euskal Herriko hiriburuetan palestinarrei elkartasuna adierazteko manifestazioak egin ziren, asteburuan Israelek Palestinaren aurka egindako eraso larriak eta urteetako palestinar herriaren genozidioa eta okupazioa salatzeko. Gaurkoan, Irunera iritsi dira protesta oihuak Bidasoko Kontseilu Sozialistak egindako deia dela eta. Guztira 200 pertsona inguru gerturatu dira San Juan plazara, eta “Israel estatu terrorista” edota “Israel hiltzailea, Europa konplizea” oihukatu dituzte, besteak beste.
Azken egunetan Palestinaren aurkako erasoak areagotu egin dira, Palestinako erresistentziak Israeli genozidioa eta okupazioa aurrekaririk gabeko eraso eta borroka bidez erantzun ostean, “Israelek ofentsiba militar batekin erantzun du”. Gainera, Israelek 1973tik ezarria ez zuen gerra egoera berrezarri duela salatu dute. “Bere makineria militar osoa martxan jarri du eta Gaza inbaditzeko zein palestinarrak suntsitzeko asmoa iragarri du. Dagoeneko milaka hildako eta zauritu daude”. Egun, 300.000 soldadu mugiarazi ditu Israelek Gazako mugara.
Asteburu honetako Israelen erasoa ez da isolaturik dagoen erantzuna izan, mobilizazioaren deitzaileen arabera: “Israelgo Estatuak etengabe jazarri ditu palestinarrak, ideologia sionista supremazistaren inguruan ardazturiko gobernuek palestinarrak desagerrarazteko asmoa izan dute urte luzez”. Hori guztia Palestinaren lurren “okupazioaren, torturaren eta erailketaren” bidez lortu dutela gaitzetsi dute.
Israelek Mendebaldeko bloke inperialistaren babesa izan duela ere azaldu dute, bloke horren interesak argiago utziz: “Israel da Ekialde Hurbilean Mendebaldeko oligarkiak duen aliaturik garrantzitsuenetarikoa, Estatu Batuekin, Europako Batasunarekin edota NATOrekin dituen hitzarmenek argi erakusten duten bezala”.
Egoera politiko honen aurrean eskuineko alderdi parlamentarioek Israeli babesa adierazi diotela dio Kontseiluak, eta ezkerrekoek, berriz, “elkarrizketarako eta elkarbizitzarako deia” luzatu dutela. Ezkerreko alderdi parlamentarioak konponbidea “bi aldeek tentsio militarra gutxituta eta negoziazioei ekinda” erdietsiko denaren ustea mahai gaineratu, eta soluzio hori “bakezaletasunez mozorrotuta” egotea egotzi diete, “ezkutatu egiten dutelako Israelek eta Mendebaldeko eliteek hainbat aldiz frogatu dutela eskaintzeko prest dauden akordio bakarra palestinarrei zapaltzaileen bakea inposatzea dela”.
Adierazpen horiek, gainera, Israelgo erregimena “zuritu, zapalkuntza egoera neutralizatu, eta Palestinarren erresistentziaren kriminalizazioa” bultzatzen dutela salatu du Kontseiluak, baita ere “Palestinarren erresistentziaren kriminalizazioa” bultzatu ere.
Gaur egungo gerra egoera hizpide, Israelgo “estatu kriminala” eta Mendebaldeko estatuen “izaera kolaboratzailea” salatu dituzte, eta Palestinako herriari elkartasuna adierazi.
Azkenik, “dominazioaren eta zapalkuntza guztien aurka” nazioartean “sozialismoaren aldeko indar politiko bat berrantolatzeko” lanean jarraitzeko aldarria egin dute, “hori baita herri langileen askatasuna eta gerrarik gabeko jendarte baten oinarriak eraikitzeko behar dugun bermea. Israelgo estatua hiltzailea”.