"Sarraskiaren edozein ospakizun eta inperioaren edozein aldarrikapen aberrazio nostalgikoa da"
Zabaltza plazan elkartu dira herritarrak hispanitatea "genozida" dela aldarri pean. Espainolek ez zutela Amerika deskubritu eta kolonoek sarraskia egin zutela salatu dute.
Hispanitatearen Eguna da gaurkoa. Ospakizun hori salatzeko elkarretaratzea egin dute Zabaltza plazan hainbat herritarrek. Urte luzetan urriaren 12ari “arrazaren eguna” deitu izan zaiola Ameriketan eta Espainian gogorarazi dute, eta Cristobal Kolonek “mundu berria deskubritu zuela gogoratzeko egun loriatsu gisara saldu” dutela azaldu.
“Ustezko jaiegunak” bi kontraesan nagusi dituela salatu dute. “Lehenik, Ozeano Atlantikoaz bestalde dagoen kontinentea ez zuelako inork deskubritu, eta gutxiago espainolek. Bestetik, XV.mendean bertan lur hartu zuten espainol eta kolonoek sekulako sarraskia egin zutelako”.
“Aberrazio nostalgikotzat” jo dute “sarraskiaren edozein ospakizun eta inperioaren edozein aldarrikapen”. Horiek “gorroto diskurtsoa” zabaltzeko balio dutela deitoratu dute, eta berretsi egin dute Amerika ez zuela espainolek edo kolonoek aurkitu. “Amerika espainol eta kolonoek inbaditu eta arpilatu zuten bertako biztanle eta komunitateen genozidioa burutu ostean. Urriaren 12an, beraz, ez dugu parte hartu nahi, ez baitago ezer ospatzeko”.
Bestetik, azken mendeetan Ekialde Hurbilean gertatzen ari diren “genozidioak, arrazakeria, lotsa eta faxismoa” izan dituzte hizpide. Asteburu honetan kontraerasoan Israelek Palestinaren aurka egindako “sarraskia” gaitzetsi dute segidan. “Nabarmena da egungo genozida, arrazista eta faxista handiena bilakatu dela Israelgo Estatua eta bere buruzagi sionistak”.
Mendebaldeko agintariei ere zuzendu zaizkie eta haien jarrera “ezaxolati, sustatzaile eta konplizea” salatu dituzte. “Lotsa besterik ez dugu sentitzen ari denarekin”.
Amaitzeko, apirilaren 13an VOXen ekitaldi “arrazista” bati erantzunez Irungo Mugimendu Antifaxistako bi kideri salaketa administratiboa iritsi zaiela gogorarazi dute, eta isun horiek ordaintzeko larunbat honetan egingo duten bazkari antifaxistara gonbita luzatu dute jendartea.