Urriaren 30ean zabalduko dute Hendaia eta Irun arteko oinezko zubia
Aldudeko, Izpegiko eta Larraineko pasabideak ere berriz irekiko dituzte. Ordainez, lurreko patruila kopurua emendatuko dute, Frantziako eta Espainiako polizien lankidetzaren ondorioz.
Ia hiru urteren ostean heldu da albistea: ireki egingo dituzte Hendaia (Lapurdi) eta Irun (Gipuzkoa) arteko oinezko zubia, baita Aldudeko (Nafarroa Beherea), Izpegiko (Nafarroa Beherea) eta Larraineko (Zuberoa) pasabideak ere. Urriaren 30ean izango da irekiera, Frantzian egiten ari diren Munduko Errugbi Txapelketa bukatzean, Julien Charles Pirinio Atlantikoetako prefetak erran duenez. Dena den, prefetak erran du pasabide horiek irekitzeko erabakia hartu dutela lurreko patruila gehiago izanen direlako, eta Frantziako eta Espainiako poliziek horretarako lankidetza abiatu dutelako.
2021eko urtarriletik daude itxita pasabide horiek, ofizialki, «legez kanpoko migrazioari eta terrorismoari» aurre egiteko. Pirinio Atlantikoetako prefeturak mugetako zortzi pasabide hesteko agindua eman zuen orduan; itxita jarraitzen dute, oraingoz, lau pasabide horiek. Prefetaren erranetan, patruilen emendatzeak «mugetako kontrolen segurtasun maila bera» atxikitzea ahalbidetuko du.
Hetsi zituztenetik, ugariak izan dira bideak irekitzeko eskaerak. Uztailaren 3an ordu batzuez ireki zuten Hendaia eta Irun arteko oinezko zubia Frantziako Tourra zela eta, baina lehengora itzuli zen hurrengo goizean. Migranteei laguntza ematen dieten elkarteek, sindikatuek eta eragile politikoek deituta elkarretaratzea egin zuten orduan. «Bidasoaldean eskubide guztiak kentzen zaizkie migranteei. Zirkulazio askatasuna, modu seguruan bidaiatu ahal izateko eskubidea, harrera duina; eskualdea militarizatu dute, pasabideak oztopatu», salatu zuten. «Etengabeko kanporaketak eta kontrol arrazistak» ere gaitzetsi zituzten.
Instituzioek ere deitu zuten protesta bat. Bertan izan ziren Ezenarro, Jose Antonio Santano Irungo alkatea eta Xabier Legarreta Eusko Jaurlaritzako Migrazio zuzendaria. Auzapezen kexa horri erantzunez, Pirinio Atlantikoetako prefetak adierazi zuen «Parisen eta Madrilen arteko negoziazioak eginez gero» irekiko zela Etorbidearen zubia.
Horrez gain, abokatu talde batek ere egin zion dei prefetari mugetako pasabideak irekitzea eskatzeko. Haien arabera, Frantziako Tourrerako pasabideak ireki izanak frogatu zuen administrazioak erabili duen «mehatxu terroristaren» argumentua ez dela baliozkoa. Sinadura bilketa bat abiatu zuten eskaera babesteko, eta 12.000 lagunek izenpetu zuten.