Emakumeen kirola ikusarazteko murala sortu du Sarah Grandesek
Artista irundarrak San Jose Langilea futbol zelaian margotu du horma irudia. Haurtzarotik helduarorako bidean Irunen presentzia berezia duten zenbait kiroletan aritzen den neska bat agertzen da.
Sarah Grandes artista irundarrak emakumeen kirola ikusaraztea xede duen horma irudi bat osatu du San Jose Langilea futbol zelaian, eta gaur goizean bisitatu dute artistak berak, Jose Antonio Santano alkateak eta Nuria Alzaga Gazteria ordezkariak.
Grandes iragan ostiralean hasi zen murala margotzen, eta haurtzarotik helduarorako bidean Irunen “presentzia berezia” duten zenbait kiroletan aritzen den neska bat agertzen da. Grandesen proiektuak Irungo haur eta nerabeen parte hartzea bideratzeko sortutako Irunbixi foroko gazte talde batek aurkeztutako ideian du jatorria.
Zehazki, El Pilar ikastetxeko nerabe talde batena da Grandesek egikaritu duen proiektua. Ikastetxe horrek foroan hartu zuen parte iazko ikasturtean, eta neska eta nerabeen artean kirola sustatzearen gaia jorratzea proposatu zuten. Ideia horiei Irungo Udalarenak batu zitzaizkien, eta foroaren bileretan udaleko teknikariak eta Parean Elkarteko kideak izan ziren. Gaia lantzeko solasaldiak sustatu eta proposamenak bildu zirela jakinarazi dute.
Alkateak Grandesen obrak duen balioa nabarmendu du, hirian emakumeek egiten duten kirola ikusarazten laguntzen baitu: “Irungo Udalak berdintasunaren aldeko ekimenak sustatzen jarraituko du, esparru guztietan, baita kirolean ere. Horregatik, horma irudi honen bidez hiriko emakume kirolari guztiei omenaldi bat egin nahi diegu. Aldi berean, emakumeek kirolean duten rola ikusarazi eta errebindikatu nahi dugu, neskek eta emakume gazteek ere beren erreferenteak izan ditzaten, inspirazio iturri gisa eta haiengan beren burua islatua ikusteko”.
Horma irudia
Aurrez aipatu bezala, irudian neska batek helduarora bitartean zenbait kirolekin duen erlazioa islatu du Grandesek. Irunen “presentzia berezia” duten kirol diziplinak azaltzen dira; hala nola piraguismoa edo igeriketa. Horrez gain, “askotariko” kontzeptuak transmititzen dituela nabarmendu dute: indarra, ilusioa, dedikazioa, ahalegina edota harrotasuna.
Koloreei dagokionean, berdea eta harea kolorea dira nagusi. Honela definitu ditu Grandesek erabilitako koloreak: “Berdeak naturari, osasunari eta zorionari egiten dio erreferentzia, eta harea koloreak harremana du argitasunarekin, baikortasunarekin, bakearekin eta atsedenarekin”.
Irunbixi
Irunbixi egitasmoa Irungo haurrek eta gazteek parte hartzeko foroa da, eta bere helburu nagusia da “herritartasun aktiboa” sustatzea haur eta gazteen artean. Irungo Haur eta Gazteen I. Planaren barruko ekimena da honakoa, Irungo Udaleko Gazteria Zerbitzuak sustatuta.
Egitasmoan parte hartzen duten ikastetxeetan, haur eta gazteen interesak eta proposamenak jasotzeko bilerak egiten dira hilean behin, eta, ondoren, udalari jakinarazten zaizkio. Iazko ikasturtean San Vicente de Paul, El Pilar eta Belaskoenea ikastetxeek hartu zuten parte. Aurten, aldiz, Eguzkitza, Lekaenea, Txingudiko Lehen Hezkuntza eta El Pilarreko Bigarren Hezkuntza izango dira ikastetxe parte hartzaileak.
Sarah Grandes
Sarah Grandes Artean graduatutako artista irundarra da, eta askotariko arte diziplinak lantzen ditu; esaterako, pintura, muralismoa, eskultura edo erakusketen komisario lanak. Zenbait erakusketa egin ditu bakarka, eta hainbat lehiaketa ere irabazi ditu: Adour-Bidasoa 2023 lehiaketako artista gaztearentzako saria edota 2022ko ’18zm’ arte lehiaketako eskultura onenaren saria.